Itxi

Beste kirolak

Europako Jokoak

Iñigo Peñak zazpigarren bukatu du K1-500 txapelketako finalerdia eta B finala jokatuko du

EITB Media

Bestalde, Ion Galarzak eta Unai Mendikotek ez dute saskibaloiko multzoen fasea gainditu, Belgikaren aurka 21-14 galduta.

  • Iñigo Peña

    Iñigo Peña. Argazkia: BAT Basque Team

Iñigo Peña palista zazpigarren postuan geratu da piraguismoaren K1-500 metroko sailkapen txandan, Krakovian jokatzen ari diren Europako Jokoen hirugarren jardunaldian.

Zumaiakoa laugarren postuan geratu da hirugarren sailkapen txandan, 1:43.100eko denbora eginez, eta Marko Dragosavljevic serbiarraren, Przemyslaw Korsak poloniarraren eta Pimentaren atzetik helmugaratu da. Azkarrenak bakarrik lortzen zuen A finalerako zuzeneko txartela.

Peñak, beraz, arratsaldeko finalerdia jokatu behar izan du, eta, nahiz eta goizekoarekin alderatuta hobera egin duen, ez da nahikoa izan A finalerako txartela lortzeko. Finalerdirik zailena suertatu zaio eta zazpigarren bukatu du, 1:40.543ko denborarekin. Bihar, ekainak 24, B finala izango du 12:20ean.

Bestalde, 3x3 saskibaloian, Ion Galarzak eta Unai Mendikotek ezin izan dute multzoen fasea gainditu. Atzo Letoniaren aurka galdu eta Esloveniaren aurka irabazi ondoren, gaur 21 eta 14 galdu dute Belgikaren aurka. Belgikarrak gehiago izan dira kanpoko jaurtiketetan partidaren hasieratik, eta aldea gainditu ezinekoa izan da markagailuan.

June Kintana nafarraren parte hartzearekin amaitu da jardunaldia. Bakaikukoak 13. postuan amaitu du, 16 parte-hartzailetik. 47.40 metroko lehen jaurtiketa egin du, bigarrena 49.73 metroraino joan da eta azkena onena izan da, 50.64 metroraino iritsiz Silesiako estadioan.