Beste kirolak
Duisburgoko Mundiala
Iñigo Peñak urrea irabazi du K2-1000 proban
EITB MEDIA
Zumaiarrak Pedro Vazquezekin batera hartu du parte K2ko finalean, 1.000 metroko distantzian, eta urrea eskuratu dute, Hungariako eta Alemaniako taldeak gaindituta.
-
Iñigo Peña eta Pedro Vazquez. Argazkia: Basque Team
Iñigo Peñak urrea jantzi du gaur goizean Duisburgon (Alemania) jokatzen ari den Munduko txapelketan. Gipuzkoarrak Pedro Vazquezekin batera hartu du parte K2ko finalean, 1.000 metroko distantzian, eta urrea eskuratu du saio bikain batean, batez ere probaren azken zatian jaun eta jabe izanda.
Finalerako sailkatu ziren zuzenean, finalerdian lehiatu beharrik gabe sailkatze txandan lehenak izan zirelako, eta orduan erakutsi zuten euren ahalmen handia. Gipuzkoarrarentzat ez da denboraldi erraza izaten ari, ziklo olinpiko konplexu batean aldaketa berriei aurre egin behar izan baitie, gaur lehiatu diren proba Parisko programa olinpikotik kanpo geratu ondoren.
Iaz jokatu zen Municheko Europako Txapelketan, Peña bikain aritu zen proba honetan Paco Cubelosekin batera eta ekainean Krakovian jokatutako Europako Jokoetan ere Peñak agerian utzi zuen sasoi bikainean zegoela. Gaur ere argi geratu da. Espainiako selekzioak piraguista-plantilla paregabea du, eta talentu guzti horien artean aukeratzea zaila izaten da batzuetan, maila oso altua baita.
Gaur K2-1000 txapelketako finala espero zen bezala burutu da, hungariar eta alemaniarrek buruzagitza estropadaren erdiraino eramanez. Iñigo Peña eta Pedro Vazquez bigarren mailari eutsi diote, indarrak gordetzen eta zati erabakigarriaren zain. Hasierako errenta minimoa (+0: 18) 250 metroren faltan pixkanaka handituz joan da, azken tartea piragua baten baino gehiagoren aldearekin osatu arte. Peñak eta Vazquezek irabazi dute urrea 03:11.512ko denborarekin. Zilarra Bence Vajda eta Tamas Szantoi hungariarreek bereganatu dute eta brontzea Anton Winkelmann eta Leonard Busch alemaniarrek.
Iñigo Peñak urre honez gain zortzigarren postua ere lortu du K1-500 metrokoan Duisburgoko Munduko txapelketan honetan. Gaur arratsaldean, gainera, K2-500 metro mistoko finalerdia jokatuko du Barbara Pardorekin batera.