Itxi

Beste kirolak

Herri Kirolak

Andoni Iruretagoiena "Izeta VI.a", Euskal Pentatloiko txapelduna

I. G. | EITB Media

Izeta VI.ak eta Xabat Olaizolak lehia bizia izan dute bigarren txandan, baina azkenean aizkoren proba erabakigarria izan da garailea aukeratzeko.

1:24
Euskal Pentatloia 2023

Andoni Iruretagoiena "Izeta VI.a" da 2023ko Euskal Pentatloiko txapelduna, larunbat honetan, irailaren 23an, Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen-plazan onena izan ondoren aro berriko seigarren edizioan. Aurten ezin izan da emakumezkoen edizioa lehiatu; bost emakumek zuten izena emanda, baina horietako hiruk arazo fisikoak izan dituzte eta lehia bertan behera geratu behar izan da.

Hala, gizonezkoen txapelketan Julen Kañamares, Aritz Irazabal eta Ioritz Gisasola (Zelai IV.a) lehiatu dira lehen txandan, eta Xabat Olaizola, Xabier Zaldua eta Andoni Iruretagoiena (Izeta VI.a) bigarren txandan.

Euskal Pentatloiko finalistak. Argazkia: EITB Media

Euskal Pentatloiko finalistak. Argazkia: EITB Media

Guztira bost proba egin behar izan dituzte: harri-jasotzean, 25 altxaldi 100 kiloko bolarekin; harri-tiratzean, bi plaza 400 kiloko harriarekin; aizkoran, hiru kana-erdiko; 50 kiloko txingekin, 6 plaza, eta, amaitzeko, hiru kilometro korrikan (30 itzuli zezen-plazari).

Lehen txandan, hiru kirolariak parez-pare hasi dira harri-jasotzean, baina Irazabal aurrea hartzen hasi da pixkanaka. 3 minutu eta 54 segundoan bukatu du, Kañamaresi 57 segundoko abantaila aterata eta ia minutu eta erdi Zelai IV.ari.

Irazabalek ez du irabazitako abantaila galdu nahi izan eta berehala hasi da harri-tiratzean. 8:56 minutu zihoazenean bukatu ditu bi plazak, bere aurkariengan nekea nabariagoa zelarik. Bestalde, Zelai IV.ak Kañamares aurreratu du, Irazabal baino 2:50 minutu beranduago bukatuz proba. Kañamaresek, berriz, lau minutura bukatu du.

Beste biak aizkoran hasi direnerako, Irazabalek koltxoi nabarmena zuen erlojuan, bigarren kana-erdikoan zegoen jada eta erritmo ona mantendu du. 17:52 zihoazenean bukatu du Irazabalek aizkorarekin. Ez hori bakarrik, txingekin egin beharreko lana ere bukatu du Kañamares eta Zelai IV.a oraindik enborrekin zeudenean, 20. minutuan.

Zelai IV.ak lau minutu beranduago bukatu du enborrekin, eta Kañamaresek bost minutu beranduago. Txingekin ere antzeran bukatu dute, Kañamares geldoago ibili den arren, baina ordurako Irazabalek korrika egin beharreko buelten herena eginda zuen jada.

Irazabalen abantaila handiegia izan da eta bukatzen lehena izan da 35 minutu eta 35 segundoko denborarekin. Zelai IV.a izan da bigarren 4:21 minutura eta Kañamares hirugarren 6:14 minutura.

Lehen txandako denborak. Argazkia: EITB Media

Lehen txandako denborak. Argazkia: EITB Media

Bigarren txandan, Olaizola eta Izeta VI.a hasi dira bizkorren harri-jasotzean, baina lehenak ihes egin dio eta 2:24 minututan bukatu du, jardunaldiko denborarik hobeena. Izetak 36 segundora bukatu ditu altxaldiak eta Zalduak 1:41 minutu beranduago.

Harri-tiratzean Izetak galdutako denbora berreskuratu nahi izan du eta presioa sartu dio Olaizolari. Zaldua, bestalde, atzean geratzen hasi da. Olaizola izan da bi plazak bukatzen lehena, 7:50 minutura. Izetak ere ondo egin du berea eta 25 segundora jarri zaio. Zaldua lehiatik kanpo geratu da, 2:52 minutura bukatuz proba.

Aizkoran Izeta VI.a azkarrago aritu da eta txapelketaren buruan jarri da 16:35 minutuko denborarekin. Olaizolak 1:18 minutura bukatu du, aurreko txandan Irazabalek egin duen ia denbora bera.

Txingekin egin beharreko lana ere ziztu bizian bukatu du Izetak, eta 18:33 minututan hasi da zezen-plazari bueltak ematen. Olaizola 1:15 minutu beranduago hasi da korrika, eta bien artean geratu da txapela irabazteko lehia. Zaldua 3:18 minutura hasi da korrika.

Ez da ezustekorik izan eta Andoni Iruretagoiena "Izeta VI.a" izan da txandako eta Euskal Pentatloiko garailea 31 minutu eta 55 segundoko denborarekin. Olaizola bigarren izan da bere debuteko urtean, 34:05eko denborarekin, eta Zalduak hirugarren bukatu du 35:20ko denborarekin.

Sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media

Sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media