Itxi

Beste kirolak

Australiako Irekia

Sinnerrek bere lehen Grand Slama irabazi du, Medvedevi Australian bi set iraulita

Agentziak | EITB MEDIA

Errusiarra 3-6 eta 3-6 aurreratu da, baina 22 urteko italiarrak ez du amore eman, eta hurrengo hiru setak irabazi ditu hiru ordu eta 43 minutuan.

  • Jannik Sinner

    Jannik Sinner. Argazkia: Efe.

Jannik Sinner da Australiako Irekiko txapelduna, Daniil Medvedev errusiarra partida epiko batean mendean hartuta. Italiarra 3-6, 3-6, 6-4, 6-4 eta 6-3 gailendu da 3 ordu eta 43 minutu iraun duen finalean. Grand Slam batean jokatu duen lehen finala izan da.

Hasierako jokoetan, errusiarra jaun eta jabe izan da. Lehen bi setak poltsikoratu ditu, eta italiar gazteari dena kontra jarri zaio. Bi jokalariek ondo eutsi diete euren sakeei 10. jokoa iritsi den arte. Sinnerrek sakea hausteko aukera izan du, eta ez du hutsik egin. Hor hasi da italiarraren susperraldia.

Laugarren seta ere bereganatu du, eta finala bosgarrenean erabaki da. Sinner oso ziur aritu da atzeko partetik zein sarera igo den bakoitzean, eta 40 eta 0 aurreratu da azken jokoan, finala eta titulua lehen aldiz irabazteko.

Irabazlerik gazteena, 2008. urtetik

Ialiarra Australiako Irekia irabazi duen tenislaririk gazteena da (22 urte eta 165 egun ditu), Djokovicek 2008an 20 urte eta 250 egun zituela irabazi zuenetik.

Medvedevek ere historia egin du, Australiako Irekia bi set aurretik egonda bi aldiz galdu duen lehen tenislaria baita.