Beste kirolak
Surfa
Erostarbe eta Duru, laugarren Munduko Surf Txapelketan
EITB Media
Emakumezkoen mailako finala laugarren postuan amaitu du Nadia Erostarbek. Fitzgibbons izan da txapelduna. Gizonezkoen mailan, aldiz, Joan Duru laugarren izan da. Titulua Medinak bereganatu du. Basque Teameko surflariek txapelketa bikaina egin dute.
Joan Duru eta Nadia Erostarbe Basque Teameko euskal surflariak laugarren izan dira Puerto Ricon jokatutako Munduko Surf Txapelketan. Txapelketa bikaina egin dute biek ala biek.
Emakumezkoen mailako lau finalistak hauek izan dira: Sally Fitzgibbons, Johanne Defay, Nadia Erostarbe eta Tatiana Weston Webb. Lehia estua izan dute, eta Fitzgibbons nagusitu da azkenean: australiarra da munduko txapelduna, finalean 13.10eko puntuazioa lortuta. Weston Webb brasildarra izan da bigarren, 12.24 puntu bilduta, eta Johanne Defay sailkatu da hirugarren, 12.00 punturekin. Nadia Erotarbe dominetako bat lortzen saiatu da, baina 9.57 puntu jasota, laugarren izan da.
Gizonezkoen mailako finalean, Gabriel Medina, Kauli Vaast, Ramzi Boukhiam eta Joan Duru lehiatu dira. Titulurako lehian, Medina brasildarra nagusitu da, 16.40ko puntuazioarekin. Boukhiam marokoarra izan da bigarren, 15,40 puntu pilatuta, eta Vaast (14.33) frantziarra sailkatu da hirugarren. Joan Duru Basque Teameko kideak laugarren amaitu du, 7.10 puntu jasota.
Basque Teameko surflariek maila ona eman dute Munduko Txapelketan. Gainera, Duruk, Erostarbek, Crierek eta Gonzalez-Etxabarrik 2024ko Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratu dute.