Athletic Club
ZIGORTUTA DAGO
Yerayk iragarri du positibo eman zuela dopin kontrol batean, Athletic-Manchester partidaren ostean
EITB
Talde zuri-gorriko erdiko atzelariak sare sozialen bidez azaldu du hartu zuela, "nahi gabe, ilea erortzearen aurkako sendagai prebentibo batean, debekatutako substantzia bat". Athleticek "Yerayren giza akatsa deitoratu du", eta "babes osoa" agertu dio.
-
Yerayk adierazi du "zigortuta" dagoela, behin-behinean. Argazkia: EFE.
Yeray Alvarez Athleticeko erdiko atzelariak iragarri du positibo eman zuela dopin kontrol batean, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako finalerdietako Athletic-Manchester United partidaren ostean. Yerayk sare sozialen bidez azaldu du nola hartu zuen, "nahi gabe, ilea erortzearen aurkako sendagai prebentibo batean, debekatutako substantzia bat". Athleticek "Yerayren giza akatsa deitoratu du", eta "babes osoa" agertu dio.
Ostegun arratsaldean jakin da horren berri, Athleticeko futbolariak berak honakoa zabaldu duenean: "Duela aste batzuk jakinarazi zidaten positibo eman nuela, UEFAk egindako doping-kontrol batean; hain zuzen ere, Europa Ligako finalerdietako joaneko partidaren ostean, Manchester Uniteden aurka jokatuta. Hori jasotzea kolpe oso latza izan zen, eta, benetan, ezin nuen sinetsi, kontuan izanik inoiz ez dudala kontsumitu debekatutako substantziarik".
Atzelari barakaldarrak xehetasun gehiago eman ditu, 2017an izan zuen minbizia zuzenean aipatu gabe, honela esanez: "Nire gaixotasuna gainditu nuenetik, alopeziaren aurkako tratamendu batekin nabil, eta, kasua aztertuta, baieztatu dugu positiboa gertatu zela hartu nuelako, nahi gabe, ilea erortzearen aurkako sendagai prebentibo batean, debekatuta dagoen substantzia bat".
Yerayren hitzetan, "diziplinazko prozedura instrukzio fasean dago, eta konfideltzialtasuna du; hortaz, behin-behinean, zigortuta nago, eta ezin dut beste adierazpen publikorik egin".
Jokalaria zaleei zuzendu zaie: "Esan nahi dizuet, zuoi guztioi, asko deitoratzen dudala egoera hau, baina, klubak lagunduta, nire defentsan nabil lanean, konbentzituta ahalik eta lasterren bueltatuko naizela berdeguneetara. Prozedura amaitutakoan, beharrezko azalpen guztiak emango ditut".
Amaitzeko, erdiko atzelariak eskerrak eman dizkio Athletici, "bere babesagatik, hasieratik", eta adierazi du konfiantza duela "kirol justizian eta erakundeetan".
— Yeray (@yerayalvarez4) July 10, 2025
Athleticek babesa agertu dio
Yerayk sare sozialen bidez hitz egin eta gero, Athleticek honako hau zabaldu du, jokalariak egindako "giza akatsa" hizpide hartuta: "Yerayk berak adierazi duen bezala, prozedura instrukzio fasean eta konfidentzialtasunari lotuta dago, eta, beraz, klubak ez du gai horri buruzko adierazpen publiko gehigarririk egiteko baimenik. Prozesua amaitutakoan, Yeray Alvarezek eta Athleticek beharrezko azalpen guztiak eskainiko dituzte". Bizkaiko klubak berretsi du "erabateko babesa" adierazi nahi diola Yeray Alvarezi, "eta erabateko konfiantza" duela "auzia konpontzeko ardura duten organoengan".
¿¿ Athletic Clubek Yerayren giza akatsa deitoratu du eta babes osoa eman dio.
— Athletic Club (@athletic_eus) July 10, 2025
Jokalariak mezu bat argitaratu du sare sozialetan alopeziaren aurkako tratamenduan egindako akats batek @UEFA-ren kontrol batean emaitza positiboa eragin zuela azaltzeko.#AthleticClub ¿

