Munduko futbol txapelketa
Zozketa
48 selekzio, 4 ontzi eta Trump, 2026ko Munduko Txapelketaren zozketaren ikuskizuna
EITB
Lau ontzitan banatutako 48 selekziok ezagutuko dute bihar, abenduak 5, multzo fasean izango dituzten aurkariak, zozketa honetan Donald Trump, AEBko presidentea egonen da gonbidatu berezi moduan.
-
2026ko Munduko Txapelketaren ontziak; IRUDIA: EUROPA PRESS
Mexiko, Kanada eta Ameriketako Estatu Batuetan jokatuko den munduko txapelketaren zozketa bihar eginen da, Washingtonen, bertako 12:00etan (18:00 Euskal Herrian). Lau ontzi ezberdinetan banatuko dira 48 selekzioak eta bertatik aterako dira 12 multzoak. Oraindik sei plaza zehazteko falta diren arren, hauek martxoan jokatuko den berraukeran zehaztuko dira.
Ontzi horiek FIFA Rankingaren arabera ordenatuak izan dira, salbuespen batzuk izan ezik, adibidez, txapelketaren hiru anfitrioiak lehenengo ontzian sartuko dira FIFA sailkapenean daukaten postua alde batera utzita. Berdina gertatuko da berraukeraren bitartez sailkatzen diren selekzioekin, azkeneko hauek laugarren ontzian sartuko dira.
Hiru anfitrioiak (Mexiko, Kanada eta AEB) A, B eta D multzoen buru izanen dira, horrela bakoitzak bere lurraldean jokatuko duela ziurtatu ahal izateko, gainera, Mexikok irekiera-partida jokatuko du Mexiko Hirian.
Beste alde batetik, Espainia eta Argentina koadroaren kontrako aldeetan kokatuko dira, bi selekzioak elkarren artean jokatzeko aukera bakarra finala izan dadin, biak FIFA Rankingaren lehenengo postuetan daudelakoz. Berdina gertatuko da Frantzia eta Ingalaterrarekin, izan ere, horiek hirugarren eta laugarren postuan daude hurrenez hurren.
Zozketak kirolari ospetsuen presentzia izanen du, horien artean, Tom Brady, Shaquile O´Neal edo Wane Gretzky. Gainera, hiru anfitrioien mandatariak egonen dira bertan; Claudia Sheinbaum, Mark Carney eta Donald Trump. Amaitzeko, ekitaldia aprobetxatuz, Infantinok FIFAren bake saria banatuko du.
Marcelo Balboa, Dunga, Luis Hernandez, eta Atiba Hutchinson jokalari ohiak zozekta aurreko ekitaldian, Washingtonen. Argazkia: EFE

