Futbola
Deportivo Alaves
Futbolean urtebetez jokatu gabe zigortu du FIFAk Facundo Garces
Agentziak | EITB
Agiriak faltsutzea egotzi die FIFAk Malaysiako Futbol Federazioari eta herrialde horretako selekzioko zazpi jokalariri, tartean Alaveseko defentsari.
-
Facundo Garces, Alavesek fitxatu zuenean. Artxiboko argazkia: Deportivo Alaves
FIFAren Diziplina Batzordeak 12 hilabetez futbolari lotutako edozein jardueratan aritzeko aukera debekatu dio Facundo Garces Alaveseko jokalariari, dokumentuak faltsutzea egotzita.
Garces jatorri argentinarra duen futbolari malaysiarra da, eta FIFAk gaur jakinarazitako ebazpenaren arabera, Malaysiako Futbol Federazioak zazpi futbolariren dokumentuak faltsutu zituen, tartean Alaveseko jokalariarena, 2027an Saudi Arabian jokatuko den Asiako Kopara sailkatzeko kanporaketetan parte hartu ahal izan zezaten.
Jokalariei urtebetez futbolean jokatzeko debekua ezartzeaz gain, Malaysiako Futbol Federazioak 375.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta jokalari bakoitzak 2.140 euro ordaindu beharko ditu bere poltsikotik.
Ekainaren 10ean, Malaysiako selekzioak Vietnamen aurka jokatu zuen Asiako Kopara sailkatzeko aurre-kanporaketako hirugarren partida, eta norgehiagoka horren ostean, FIFAk salaketa bat jaso zuen, Malaysiarekin aritu ziren hainbat futbolariren agiriak legezkoak ziren zalantzan jarrita.
Orduan abiatutako ikerketaren ondotik iritsi dira gaur iragarritako zigorrak.
Horrez gain, FIFAk Futboleko Auzitegiaren esku utzi du auzia. Malaysiako Federazioak eta zazpi jokalariek dagoeneko badute zigorraren berri, eta hamar eguneko epea dute helegitea aurkezteko.

