Parisko Olinpiar Jokoak 2024
Polemika
Debekatuta ote dago ikurrina Olinpiar Jokoetan?
Erredakzioa
Maialen Chourrauten jarraitzaile eta familiarrei ikurrina gordetzeko agindu zieten, baina arauek bestelako gauza esaten dute.
-
Ikurrina gordetzeko eskatu zieten Maialen Chourrauten jarraitzaileei. Pantaila irudia.
Ikurrina harmailetatik kentzeko agindu zieten Maialen Chourrauten jarraitzaile eta familiar batzuei, atzo, Lee Valley White Water Centren, K1 modalitateko eslalom finalean.
Frantziaren eta AEBen arteko emakumezkoen futbol partidan ere antzeko gertakizuna eman zen. Frantziako futbol selekzioko jokalari Eugenie Le Sommerren aitari Bretainiako bandera gordetzeko eskatu zioten. Jean-Michel Le Boulanger, Bretainiako presidente ordea, erabaki horren aurka azaldu zen: “Barregarria da”.
Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartzen ez duten herrialdeetako banderak mugatuta daude. Ikurrina eta Bretainiako bandera, baina, ez dira talde horretan sartzen, Londres 2012ko arauen arabera.
Luitxo Fernandez blogariak azaldu duenez, Olinpiar Jokoetako antolatzaileek “parte hartzen ez duten herrialdeetako banderak” mugatutako objektuen artean sartzen dituzte. Arauek azaltzen dute, hala ere, “parte hartzen duten delegazio olinpikoen azpian dauden herrialdeen banderak” murrizketarik gabe erabili daitezkeela. Adibide bezala Ingalaterra, Eskozia edo Galeseko banderak jartzen ditu.
Ikurrina edo Bretainiako bandera, beraz, Espainiako eta Frantziako gerizpean daude, Olinpiar Jokoetan parte hartzen dutelako, eta harmailetan erakutsi ahal dira, arduradun batzuk kenduarazi badituzte ere.