Reala
Agirretxeren tokia har dezake
Nsue (Betis-Reala): "Gol faltak ez gaitu kezkatzen"
Ander Altuna
Zubieta
Agirretxeren tokia har dezake mallorkarrak Betisen zelaian.
Joan diren zortzi asteetan hiru gol baino ez dituzte ospatu Realeko jokalariek. Salamanca soilik moldatu da traketsago egin behar horretan eta hala, nekez eskuratu daiteke puntu uzta oparoagoa. Horren harira, Emilio Nsue aurrelariak dio "zorteak bizkar eman digu. Aukerak sortzen ari gara eta badakigu goiz ala berandu golak sartuko ditugula. Larritzeak ez du ezertarako balio". Bere taldekide Elustondo ere ez dago kezkatuta. "Urte osoko dinamikan ari gara, berdintsu jokatzen, aukerak sortzen, baina ez gara asmatzen ari. Beste batzuetan gutxiago eginda saria eskuratu dugu. Nik taldea ongi ikusten dut, bai fisikoki, baita mentalki ere eta horri eutsi behar diogu".
Ruiz de Lopera zelai gaiztoa da kanpoko taldearentzat, baina segun eta zer itxura hartzen duen neurketak, jarraitzaileek estu hartu ohi dituzte etxekoak. Urrutira jo gabe, Murtziaren kontrakoan txistu egin zieten kanpoko taldeak banakoa markagailura igoarazi ostean. Lopera jabearekin sutan daude oposizioko hainbat eta hainbat talde eta Realaren aurkako partida baliatu nahi dute euren haserrea azaleratzeko. Horren aurrean, sarrerak bost eurotan jarri dizkie zuzendaritzak bazkideei, haserrea goxatu eta taldea anima dezaten. Nsueren arabera, "Betis ez dabil fin eta gailen atera gaizteke bertatik. Urduri daude eta zelaia beteta egon arren gerta liteke giroa gure aldekoa izatea". Elustondok gaineratu du andaluziarrek dutela irabazteko premia, huts eginez gero borrokatik aparte geratuko liratekeelako eta Realak antsietate horri probetxua atera behar diola.
Entrenamenduari dagokionez, Agirretxek izan ezik gainerakoek berdeguneko lana egin dute. Usurbildarra beluneko arazoa atzean utzi nahian ari da eta igandeko lehiarako lortuko duela dirudi.