Itxi

kirolak

''Harri Herri''

Mollarrik Ibiur menderatu du eta "Harri Herri" saioko finalean da

EITB MEDIA

Saioaren bigarren denboraldiko lehenengo finalerdian, Maddi Gesalagak, Ainitze Zumetak, Garazi Ansak eta Nerea Arrutik osatutako taldeak Aroa Sanchezen, Lierni Osaren Naroa Arrutiren eta Estefania Etxebesteren taldea hartu du mendean. Harri baldarra jasotzeko lortutako denbora gakoa izan da.

1:15

Mollarrik Ibiur menderatu du "Harri Herri" saioko bigarren denboraldiko emakumezkoen lehen finalerdian, Asteasun, astelehenean EITBn ikusgai izan denez, eta, horrenbestez, maiatzaren 13an ikusi ahalko dugun finalerako sailkatu da. Mollarrik 21 jasoaldi lortu ditu harri baldarrarekin, eta Ibiurrek, ordea, 19 egin ditu, eta, hala, Izeta II.aren taldeak lortu du finalerako sailkatzea.

Testuinguru horretan, Mollarrik, herri landuekin, Ibiurrek baino 46 segundo gehiago pilatu ditu harri baldarrari aurre egiteko, eta horrek markatu du lehia erabakigarria. Ibiurreko Aroa Sanchezek eta Mollarriko Maddi Gesalagak ireki dute finalaurrekoa, koadroarekin, eta Ibiurrek zazpi aldiz jaso du, Mollarik baino bat gehiago; hamar segundoko aldea erdietsi du lehen harri horretan Ibiurrek, baina Mollarrik berehala irauli egin du behin-behineko egoera, kontuan izanik kubikoan Mollarriko Ainitze Zumetak 18 jasoaldi egin dituela bigarren horrekin, Lierni Osak baino lau gehiago.

Mollarriko Garazi Ansak hamabi jasoaldi lortu du egitea zilindroarekin lanean, Naroa Arrutik baino bi gehiago; azken txandan, Nerea Arrutik, bikain bera, 30 aldiz jaso du bola, eta Ibiurreko Estefania Etxebestek, berriz, 20 jasoaldi egin ditu.

Hortaz, Mollarrik lau minutu eta 36 segundo eskuratu ditu harri baldarrekin lanean aritzeko; denbora horri bi taldeek lehia erabakigarrirako zuten minutua ere gehitu behar zaio. Izeta II.aren harri-jasotzaileek, ondorioz, bost minutu eta 36 segundo izan dituzte, eta Ibiurrek lau minutu eta 50 segundo, 3:50 lortu baitu.

Harri baldarrerako, Luis Mari Telleriak Aroa Sanchez eta Lierni Osa hautatu ditu, Ibiurren, eta 19 jasoaldi egin dituzte bien artean; Maddi Gesalagak eta Ainitze Zumetak, denbora luzeagoa izan dutela eta aurkarien erreferentzia zutela baliatuta, 21 jasoaldi egin dituzte, eta garaipena erdietsi dute. Ergobia eta Ulia arituko dira nor baino nor gehiago bigarren finalaurrekoan.

EMAKUMEZKOEN LEHENENGO FINALERDIA
           
   KOADROA   
 KUBIKOA
 ZILINDROA
BOLA 
DENBORA
           
 MOLLARRI  6  18 12  30 4:36 (+1:00)
IBIUR  7  14 10  20 3:50 (+1:00)
           
HARRI BALDARRA
           JASOALDIAK
           
MOLLARRI          21
IBIUR          19

 

Puntuazioa: KOADROA (10 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (3 segundo jasoaldiko) eta BOLA (3 segundo jasoaldiko).