Binakakoa
Asteartean aurkeztu dute
Ezkurdia atzelari bezala arituko da, Altunarekin, ostiralean hasiko den Binakako Txapelketan
EITB
Arbizuarrak txapela jantzi zuen aurreko ekitaldian, eta atzelari ibiliko da orain. Hauek dira bikoteak: Baikon, Larrazabal-Mariezkurrena II.a, Laso-Albisu, Artola-Imaz eta Jaka-Izueta; eta Aspen, Elordi-Zabaleta, Zabala-Martija, P. Etxeberria-Rezusta eta Altuna III.a-Ezkurdia.
Joseba Ezkurdia atzelari bezala arituko da, Jokin Altunaren bikotekide gisa, 2025-2026ko Binakako Txapelketan; asteartean aurkeztu dute hori, eta ostiralean hasiko da, Beasainen. Arbizuarrak txapela jantzi zuen txapelketaren aurreko ekitaldian, aurrelari lanetan, Beñat Rezustarekin batera; orain, ordea, atzelari jokatuko du, Buruz Buruko txapeldunarekin. Hauek dira 2025-2026ko Binakako Txapelketan arituko diren bikoteak: Baikok Larrazabal-Mariezkurrena II.a, Laso-Albisu, Artola-Imaz eta Jaka-Izueta aukeratu ditu; Aspek, ordea, Elordi-Zabaleta, Zabala-Martija, P. Etxeberria-Rezusta eta, arestian esan bezala, Altuna III.a-Ezkurdia hautatu ditu. Finala martxoaren 29an izango da, eta Nafarroa Arenan jokatuko dute, Iruñean.
Ohi bezala, zortzi bikote parte-hartzaileek liga bat jokatuko dute, final laurdenetako liga, bi itzulikoa; guztira, hamalau jardunaldi izango ditu liga horrek. Sailkapeneko aurreneko bi tokietako bat eskuratzen duten bikoteek finalerdietako ligaxkarako sailkatzea erdietsiko dute, eta hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren postuetan amaituko dutenek, aldiz, play-offa jokatuko dute, finalerdietako ligaxka helburu.
Final laurdenetako ligako azken jardunaldia otsailaren 13tik 15erako asteburuan bukatuko da, eta play-offa otsailaren 19an, 20an eta 22an jokatuko dute.
Finalerdietako ligaxka otsailaren 28an hasi eta martxoaren 15ean amaituko da, eta bikote bakoitzak hiru partida jokatuko ditu; lehenengo bi sailkatuak izango dira final handian, 2026ko martxoaren 29an, Iruñean, Nafarroa Arenan.
2025-2026ko Binakako Txapelketa
Bikote parte-hartzaileak:
Altuna III.a-Ezkurdia
Zabala-Martija
Elordi-Zabaleta
P. Etxeberria-Rezusta
Laso-Albisu
Jaka-Iztueta
Larrazabal-Mariezkurrena II.a
Artola-Imaz
Txapelketako datak:
Final laurdenetako liga: azaroaren 21etik, otsailaren 15era
Play-offa: otsailak 19, 20 eta 22
Finalerdietako ligaxka: otsailaren 28tik, martxoaren 15era
Finala: martxoaren 29an, Nafarroa Arenan
Lehen jardunaldiko partidak:
Azaroaren 21ean, Beasainen: Elordi-Zabaleta vs Zabala-Martija
Azaroaren 22an, Logroñon: Altuna III-Ezkurdia vs P. Etxeberria-Rezusta
Azaroaren 23an, Agoitzen: Jaka-Iztueta vs Larrazabal-Mariezkurrena II
Azaroaren 24an, Tolosan: Artola-Imaz vs Laso-Albisu


