Binakakoa
21-22, Astelena pilotalekuan
Xalak eta Barriolak emozioz betetako neurketa irabazi dute
Erredakzioa
Aspeko bikoteak 21-22 gainditu ditu Aimar Olaizola eta Ibai Zabala Astelenan. Zaleek gozatu ederra hartu dute Eibarren.
Yves Xalak eta Abel Barriolak garaipen garrantzistua eskuratu dute Olaizola II-Zabala bikotearen aurka (21-22), 2013ko Binakako Txapelketan. Partida azkenengo tantora arte emozioz beteta egon da, baina Aspeko bikoteak urrezko puntua eskuratu du.
Aspeko bikotea jaun eta jabe izan da aurreneko minutuetan Yves Xalak lortutako tantoei esker, eta Ibai Zabalak akats argiak egin ditu atzean. Lekuineko aurrelariak agintzen jarraitu du, eta urdinek 3-7koa jarri dute Astelenan.
Hala ere, pixkanaka Asegarceko bikoteak gora egin du (6-7), eta Olaizola II.ak eta Zabalak markagailua irauli dute (8-7). Abel Barriolak gorrien pilotakadak jasotzeko asko sufritu du, baina Aimar Olaizolak eta Ibai Zabalak ezin izan dute markagailuan alde egin (10-9). Xalak eta Barriolak 11-11koa jarri dute, baina Asegarcekoek, berriz ere, aldea handitzea lortu dute (14-11).
Olaizola II.ak eta Zabalak markagailuan alde polita lortu dute (16-12), baina urdinek 5-0eko partzial ikusgarria lortu dute, eta goitik jarri dira (16-17). Xalak eta Barriolak 16-20koa eskuratu dute, baina Aimar Olaizola eta Ibai Zabala sendo mantendu dira (18-20). Gorriek 21-21ekoa jartzea lortu dute, baina azkenean Yves Xalak eta Abel Barriolak irabazi dute (21-22).