Binakakoa
Lehendabiziko ekitaldia
EITB Pilotari Onena saria jaso du Jose Javier Zabaleta txapeldunak
EITB MEDIA
Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak txapelketan zehar gailendu den pilotariari eman dio EITB Pilotari Onena saria.
-
Jose Javier Zabaleta eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia. Argazkia: EITB Media
EITB Pilotari Onena saria jaso du Jose Javier Zabaletak igande honetan jokatutako Eskuz binakako Txapelketaren ondotik, Bizkaia pilotalekuan. Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak txapelketan zehar gailendu den pilotariari eman dio EITB Pilotari Onena saria, aurten, gainera, finalean Danel Elezkanorekin batera txapela jantzi duen pilotariari.
Lehiaketan zehar, asteroko jarduna kontuan hartuz, pilotari onenaren sailkapena argitaratu du EITBK. Binakako Txapelketaren jardunaldi bakoitzaren ostean, EITBko pilota adituek 1etik 5era bitarteko puntuazioa eman dio pilotari bakoitzari, EITB Pilotari Onenaren sailkapena eratuz. Abel Barriolak, Mikel Idoatek, Julian Iparragirrek eta Mikel Bilbaok osatu dute epaimahaia. Halaber, eitb.eus-en erabiltzaileek ere botoa eman eta kamiseta baten zozketan parte hartzeko aukera izan dute.
Pilotari Onenaren sailkapenaren buru Jose Javier Zabaleta izan dugu, 76 punturekin; bigarren postuan Jon Ander Albisu, 69 punturekin, eta hirugarren, Jokin Altuna, 62 punturekin.
EITBk finala ETB1, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta eitb.eus-en kanaletan ematearekin bat Binakako Txapelketa osoari ere jarraipen zabala egin dio, eta datorren astetik aurrera Eskuz Banakako Txapelketa eskainiko du.