Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

Final-laurdenak

Ezkurdia, nagusitasun osoz finalerdietara (22-8)

EITB.EUS

Hasierako tantoetan neurkera estua joan zitekeela iruditu arren, 'kaiolako' egungo txapelduna aise gailendu zaio Iñaki Artolari.

1:22
Joseba Ezkurdia

Eibarko Astelena frontoian jokatu den Lau t'’erdiko Txapelketako azken final-laurdeneko neurketan Joseba Ezkurdia nagusitu da Iñaki Artolaren gainetik igarota, eta, hartara, finalerdiak jokatuko ditu datorren asteburuan Erik Jakaren aurka.

Hasierako sakea Ezkurdiari egokitu bazaio ere, Artola izan da markagailuan aurre hartu duena (0-2). Jarraian, tanto trukaketa egon da bi pilotarien artean, eta markagailuak zenbait berdinketa islatu ditu (3-3 eta 4-4). Orduan, 'kaiolako' egungo txapelduna lehendabizikoz jarri da agintzen (5-4 eta 6-4), baina Artolak parekatzeko gaitasuna izan du (6-6). Norgehiagokako lehen zati hori ikusita, lehia estua izango zela ematen bazuen ere, gauzak oso bestelako bidetik joan dira.

Izan ere, horixe izan da neurketak izan duen azken oreka. Hortik aurrera, Ezkurdia jaun eta jabe agertu da kantxa gainean, eta 15 tanto kateatu ditu bata bestearen atzetik 21era iritsi arte (21-6), ezinean ibili den Artolaren aurrean. Alegiarrak bi tanto eginez itxuratu du apur bat emaitza, baina markagailuak irudikatu duen azken emaitzak (22-8) garbi azaldu du bataren eta bestearen artean egon den alde izugarria.

Txapelketako beste finalerdian Jokin Altuna eta Oinatz Bengoetxea izango dira nor baino nor gehiago. Altuna larunbatean sailkatu zen, Elezkano gainditu ostean; Bengoetxeak, berriz, Urrutikoetxearen baja baliatu du finalaren atariko neurketan egon ahal izateko.

Partidako markagailua, tantoz tanto: 0-1, 0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 3-3, 3-4, 4-4, 5-4, 6-4, 6-5, 6-6, 7-6, 8-6, 9-6, 10-6, 11-6, 12-6, 13-6, 14-6, 15-6, 16-6, 17-6, 18-6, 19-6, 20-6, 21-6, 21-7, 21-8, 22-8.