Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

Finala

Altunak hirugarren txapela nahi du kaiolan; Lasok, estreinakoa

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Harmailak jendez gainezka egongo dira, pandemia eta gero publiko aurrean jokatuko den lehen final handia izango baita. Partida zuzen-zuzenean eskainiko da EITBn.

0:56
Altuna eta Laso

Igande honetan, Bilboko Bizkaia Frontoian, 2021eko Lau t'erdiko final handia jokatuko da, Jokin Altuna eta Unai Laso aurrez aurre jarriko dituena.

Altuna, egungo txapelduna, faboritoa da bere hirugarren txapela erdiesteko; Lasok, ordea, bere lehen kaiolako finalari egingo dio aurre, eta ezustekoa ematen saiatuko da.

25 urteko gipuzkoarrarentzat, distantzia horretan jarraian jokatuko duen seigarren finala izango da. 2017an eta 2020an irabazi egin zuen; aldiz, 2016an (Bengoetxearen aurka) eta 2018an eta 2019an (Ezkurdiaren kontra) galdu egin zuen. Horrez gain, 2018an eta 2021ean, buruz buruko txapelketak ere bereganatu zituen.

Egun handi honetara heltzeko bidean, neurketa bakarra galdu du Amezketako pilotariak; hain zuzen ere, final-laurdenetako ligaxkan Peio Etxeberriaren kontra (22-18). Ondoren, garaipena bereganatu zuen Oinatz Bengoetxearen aurkako partida erabakigarrian (22-7), eta, azkenik, finalerdietan Joseba Ezkurdia faboritoa menderatu zuen (22-10).

Altuna III.ak txapela irabaziko balu, Patxi Eugi, Juan Martinez de Irujo eta Jorge Nagore pilotarien parean jarriko litzateke palmaresean.

Bestalde, Unai Lasoren lehen finala izango da Lau t'erdikoan. Bizkarreta-Gerendiaingo 24 urteko pilotariak Jon Ander Peña kanporatu zuen final-zortzirenetan (22-12). Jarraian, final-laurdenetako ligaxkan Ezkurdiaren kontra galdu eta gero (22-9), Erik Jaka (22-8) eta Mikel Urrutikoetxea (22-13) gainditu zituen finalerdietarako txartela lortuz.

Bukatzeko, Baiko enpresako nafarrak 22-8 irabazi zion Peio Etxeberriari kaiolako finalean egoteko.

Ostegunean, pilotak aukeratu zituzten biek. Altuna III.ak 104,3 eta 105,4 gramoko pilotak aukeratu zituen, eta Lasok, 104,1 eta 104,6 gramokoak.

Igandeko jaialdia 17:00etan hasiko da Urrutikoetxea-Mariezkurrena eta Elezkano II.a-Zabaleta bikoteen arteko partidarekin, eta frontoia jendez gainezka egongo da aspaldiko partez, publikoarekin jokatzen den pandemiaren osteko lehen finala izango baita.