Pilota
Zikloaren amaiera
Titin III: Ohorezko agurra, pilotaren munduko ikurrari
A.LARRUZEA | eitb.eus
Trizioko pilotariak urriaren 5ean, Logroñoko (Errioxa) Aldarraga frontoian eskegi zuen gerrikoa, ibilbide luze bati amaiera emateko.
-
Titinen azken agurra. Argazkia: EITB
22 urte igaro dira jada, Euskal Herrian tradizio handien izan duen kiroletako batek, bere seme kutunetako baten debuta ikusi zuenetik. Eskupilotaren historian letra larriz adierazi beharreko data horietako bat da 1992ko irailaren 13a.
Augusto Ibáñez Sacristanek, Titín III.ak, Baños de Rio Tobiako Barrerito I frontoian (Errioxa) debutatu zuen 23 urterekin. Egun berezia zen hasiberriarentzat, pilotan norbait izaten hasteko aukera baitzuen esku artean. Partida parekatua izan zen bikoteka jokatu zuten hura, Titin III.ak eta Maiz II.ak , Bengoetxea IV.a eta Berna izan zituzten aurkari (21-22). Baina bere lehen partida hori galdu arren, aurrelariak berehala hartu zuen mailak eskatzen zuen erritmoa, gaur egun duen palmares preziatua lortu arte.
"Aupa Titin! " esamoldearen oihartzuna nabarmen entzun dugu frontoietan, doinu enblematikoa bihurtuta. Aurrelariak urte guzti hauetan jarraitzaile asko irabazi baititu, leku orotara jarraitu dutenak. Esaterako, bere sorterrian lau omenaldi egin dizkiote; bertako frontoian bere argazkia jarri eta herriko seme kutuna izendatu dute.
Grina, ikusgarritasuna, izaera kementsua, lana, konstantzia, anbizioa, … hainbat dira bere izenari eransten zaizkion adjektiboak. Dena dela, erdietsitakoa lortzeko ibilbidea ondo egina eraman du: 1993/94ko, 2000ko, 2004ko eta 2012ko binakako txapelduna eta 2007ko lau eta erdiko txapelduna izan da errioxarra. Garaipen-zerrenda azpimarragarria lortuta amaituko du bere ibilbide profesionala Titinek, 45 urterekin.
ASPE enpresako pilotariak hitzartuta zuen 2014ean erretiratuko zela profesionaletatik, eta eguna heldu da, bere azken partidua urriaren 5ean, igandean, izango baita Logroñoko Aldarraga frontoian. Profesionaletan 22 urte eman ondoren, aurrelariak agur esan die, dagoeneko, Euskal Herriko frontoi nagusietako zaleei, eta igandean eskegiko du gerrikoa. Behin betiko. Bere izena eta lorpenek, ordea, ohorezko lekua dute pilotaren historian. Merezitakoa.