Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

WINTER SERIES (9. JARDUNALDIA)

Olharan eta Basque, finalerdietara

B. L. G | EITB MEDIA

Bi setetan gailendu zitzaizkien Barandikari eta Lekerikari (11-15, 10-15), eta emaitza horrek gernikarren egoera zaildu du; izan ere, partida guztiak jokatuta dituztenez, multzoko azken lehiak baldintzatuko du haien etorkizuna.

0:55
Barandika, Lekerika, Olharan eta Basque

Olharanek eta Basquek bi setetan (11-15, 10-15) gainditu zituzten Barandika-Lekerika etxeko bikotea, eta, hartara, finalerdietarako txartela bereganatu zuten Euskolabel Winter Serieseko 9. Jardunaldian. Gernikarrek, ostera, multzoko azken partidaren zain egon beharko dute hurrengo faserako sailkapena lortu duten edo ez jakiteko.

Egun handia izaki, 2000 lagun baino gehiago bildu ziren Gernikako Jai-Alai frontoian. Finalerdietarako sailkapena jokoan zegoen, eta ikusleek ez zuten ikuskizuna galdu nahi. Etxeko bikoteak, laranjaz, nahikoa zuen garaipena lortzearekin finalerdietan egotea ziurtatzeko. Hasiera-hasieratik, baina, konturatu ziren ez zela erraza izango. Zuriek, 0-4 aurretik jartzea lortu zuten lehen pilotakadetan, eta errenta horri eusteko gai izan ziren lehen atsedenaldi laburrera arte. Hala, 3-8 joan ziren aldageletara eta laranjek markagailuan hurbiltzea lortu bazuten ere (11-14), ez zuten zurien abantaila arriskuan jartzerik lortu, eta 11-15 bukatu zen lehen seta.

Bigarren jokoa parekatuagoa izan zen. Barandika eta Lekerika garaipena lortzearen beharraz jabetuta, lehiakorrago egon ziren bigarren zatian. Hala ere, Olharan erasoan fin ibili zen eta Basque oso sendo agertu zen defentsan, akats gutxi eginez. Zortzigarren tantora iristerako hiru berdinketa izan ziren (1-1, 4-4 eta 5-5). Atsedenaldira, ordea, aurretik heldu ziren berriro zuriak (6-8).

Aldageletatik bueltan, lehen tantoak ere zuri kolorea izan zuen. Nekearen zantzuak agertzen hasi ziren norgehiagoka zail baten azken pilotakadetan, eta gutxinaka Olharan eta Basque aldea handitzen joan ziren. Azkenean, bigarren seta ere zuriek bereganatu zuten 10-15ko markagailuarekin.

Emaitza horrekin, Olharan eta Basquek euren lekua lortu zuten finalerdietan. Barandika eta Lekerikak, berriz, Erkiagak eta Zabalak euren atzoko arerioen kontrako neurketa galdu dezatela behar dute sailkapena eskuratzeko. Izan ere, atzokoa izan zen haien azken partida eta Erkiaga-Zabala vs Olharan-Basque norgehiagokak itxiko du A multzoa eta Paueko aurrelariaren eta Bidarteko atzelariaren garaipenak soilik balio die txapelketan aurrera egiteko. Egungo txapeldunei dagokienez, nahikoa dute urtarrilaren 16ko neurketa hori irabaztearekin hurrengo fasera heltzeko.