Bilbao Basket
Asteazkenean, 16:40an
Bilbao Basketek urrats garrantzitsua eman nahi du, Nizhniren aurka
Erredakzioa
Rafa Pueyoren gizonek L multzoko lidergoan jarraitu nahi dute, baina horretarako Errusian garaipena lortu beharko dute. Jarraitu partida zuzenean, ETB1en eta eitb.com-en.
-
Bertans. Argazkia: EFE
Bilbao Basketek aurrerapauso erabakigarria eman dezake Nizhni Novgorod talde errusiarraren aurka (asteazkenean, 16:40ean). Bizkaiko taldea Last 32ko L multzoko liderra da, eta Errusian garaipena lortzen badu, final-zortzirenetarako sailkatzea ia eskuan izango luke.
Pueyoren gizonak Errege Kopatik at gelditu dira, azkenengo jardunaldian, baina Bilbao Basketen helburu nagusia Europan bizirik jarraitzea da. Taldea arazo ekonomikoei aurre egiten ahalegintzen ari da, eta jokalariek kantxan dena emateko prest daudela argi utzi dute.
Talde beltzak 80-54 jipoitu zuen Nizhni Novgorod Miribillan, eta jokalariek morala berreskuratu dute, Belgradon Izar Gorriak 105-87 irabazi ondoren. Panionios ia txapelketatik at gelditu da, eta hiru talde bi garaipenekin eta porrot bakarrarekin berdinduta daude. Bilbao Basketek Izar Gorria Miribillan hartuko du, eta ondoren Last 32ko azkenengo partida Atenasen jokatuko du.
Bilboko taldeak Miribillan erakutsitako sendotasunarekin jokatu beharko du Errusian. Jokalariek defentsa bikaina egin beharko dute Luke Babbitt jaurtitzailea gelditzeko, eta Primor Brezec pibota taula azpian gelditzeko gai izan beharko dira.
Bilbao Basketeko beteranoek ederki gidatu zuten taldea Miribillan, eta Novgoroden Mumbru, Raul Lopez, Grimau, Gabriel eta Hervelle erabakigarriak izan litezke, berriz ere.