Bilbao Basket
Last 16a
Bilbao Basket-Benetton, (68-72): Lehen porrota Eurocupean
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Panelliniosek galdu egin du Brose Basketsen aurka eta greziarren aurkako partidan erabakiko da multzoko lidergoa. Bizkaiak nahikoa du 20 puntu baino gutxiagogatik galztearekin.
Bizkaia Bilbao Basketek gaur jaso du Eurocupeko lehen porrota. Last 16ko bosgarren ihardunaldian iritsi da porrot hori eta Benettonen aurka izan da 68-72ko emaitzarekin.
Bi taldeek gogoz ekin zioten partidari. Bizkaiak hirukoa sartu zuen hasi eta segidan, baina Benettonek ez zuen gutxiago izan nahi eta beste hiruko batekin erantzun zion (3-3). Ondoren, italiarrak nagusitu ziren eta abantaila hartzen hasi ziren (3-9). Dena den, Bilbao Basketek azkar erreakzionatu zuen eta aldeak murrizten hasi ziren (13-16). Hala eta guztiz, bizkaitarrek desabantailarekin bukatu zuten lehen laurdena (15-18).
Bigarren laurdenean indartsu kantxaratu zen Bilbao Basket eta bi minututan aurrea hartu zuen markagailuan (20-18). Orduan hasi zen abantailak lortzen Katsikarisen taldea (27-22), baina italiarrek ez zuten etsi eta aurkariarengana asko hurbildu ziren. Bizkaia puntu bakarreko abantailarekin iritsi zen atsedenaldira (34-33).
Atsedenalditik bueltan Bilbao basket lokartu egin zen eta Benettonek aurrea hartu zuen (34-36). Dena den, Bizkaiak azkar erreakzionatu zuen eta abantaila hartzen hasi zen, 9 puntuko abantaila izatera ere iritsi zen talde bizkaitarra (46-37). Bazirudien garaipena bideratuta zutela bizkaitarrek, baina italiarrek gogor jokatu zuten eta hirugarren laurdena berdinduta bukatu zen (53-53).
Katsikarisen taldeak ez zuen ondo hasi azken laurdena. Benetton izan zen nagusi hasierako minutuetan eta laurdenaren erdialdean (35. minutuan) italiarrak aurretik zeuden 56-58. Ondoren, nahiko berdinduta joan zen partida. Amaierarako bi minutu falta zirenean Bilbao Basket hirugatik galtzen ari zen eta Warrenen hiruko batekin partida berdindu zuen etxeko taldeak (65-65). Azken minutuan hobeto jokatu du Benettonek eta garaipena lortu du 68-72ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
68 - Bizkaia Bilbao Basket (15+19+19+15): Javi Rodriguez (5), Blums (9), Warren (11), Hervelle (8) y Moiso (6); Salgado (6), Seibutis (7), Mumbrú (2), Markota (-) eta Banic (14).
72 - Benetton Basket Treviso (18+15+20+19): Rivers (11), Kus (11), Hackett (12), CJ Wallace (2), y Montejunas (9); De Nicolao (3), Hukic (10) y Nicevic (14).