Itxi

Bilbao Basket

80-71

Bilbao Basket, garaile RETAbet.es GBCren aurkako euskal derbian

Erredakzioa

Dominionek 80-71 irabazi du Bilbao Arenan jokatu den partida. Garaipena oso garrantzitsua da bizkaitarrentzat, playoff postuei begira. Gipuzkoarrek, aldiz, gero eta zailago dute mailari eustea.

  • Bilbao Basket-Gipuzkoa Basket. Argazkia: EFE

    Bilbao Basketek 80-71 irabazi dio Gipuzkoa Basketi. Argazkia. EFE

Dominion Bilbao Basketek irabazi du RETAbet.es GBC taldearen aurka Bilbao Arenan jokatu duen euskal derbia (80-71). Garaipena oso garrantzitsua da talde bizkaitarrarentzat, playoff postuetan sartzeko lehian beharrezkoa baitzuten. Gipuzkoa Basketek, aldiz, gero eta zailago du datorren denboraldian Endesa Ligan jarraitzea.

Partida erritmo biziarekin hasi da, eta oso parekatua izan da lehen txanpan. Hasierako laurdenean, markagailuak ez du jaberik izan eta bi taldeek agindu egin dute uneren batean. Lehen laurdenaren azken txanpan, ordea, Bilbao Basket nagusi izan da, eta zortzi puntuko abantaila lortu du (30-22). Bigarren laurdenean, ez da gidoia aldatu. RETAbet.es GBC saiatu da aldeak murrizten, baina Dominion sendo egon da kantxan eta etxekoek aldeak mantentzea lortu dituzte. Partida, 47-38ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Hirugarren laurdenean Gipuzkoa Basketek hobeto jokatu du, eta arazo gehiago eman dizkio Dominion Bilbao Basketi. Talde bizkaitarrak ez du eroso jokatu eta RETAbet.es GBCk aldeak murriztea lortu du laurden honetan (64-58). Bizkaitarren aldeko sei puntuko abantailarekin hasi da azken laurdena. Bilbao Basketek oso ondo jokatu ditu azken hamar minutuak eta ez dio inolako aukerarik eman Gipuzkoa Basketi. Amaieran, Dominion Bilbao Basketek lortu du garaipena, 80-71eko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

80 - Dominion Bilbao Basket (30+17+17+16): Hannah (5), Bertans (18), Mumbrú (12), Hervelle (13) eta Bogris (11) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (6), Ruoff (5), Dejan Todorovic (3), Suarez, Begic (5), Slezas (2) eta Mendia.

71 - RETAbet.es GBC (22+17+19+13): Llompart (11), Txemi Urtasun (20), Travis Wear (8), Landry (8) eta Doblas (9) -hasierako bostekoa- Andres Rico (3), Grimau (7), Vrkic (3), Agbelese (2), Olaizola eta Motos.

Partzialak: 30-22, 47-39 (atsedenaldia); 64-58 eta 80-71 (amaiera).

Epaileak: Benjamin Jimenez, Oscar Perea eta Jordi Aliaga.

 

 

>

 

 

>