Bilbao Basket
ACB Liga
DKV Joventut-Bilbao Basket, (66-72): Play-offak, oso hurbil
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Bizkaiak partida ona jokatu du aurkari zuzena den Joventuten aurka eta merezitako garaipena lortu du.
Bizkaia Bilbao Basketek garaipen garrantzitsua lortu zuen DKV Joventuten aurka Badalonan 66-72 irabazita. Katalanak aurkari zuzenak dira play-offean sartzeko lehian eta horregatik zen garrantzitsua bertan irabaztea.
Fotis Katsikarisen mutilak bikain kantxaratu ziren Badalonan eta hasieratik erritmo bizia ezarri zioten partidari. Hasieran 2-6ko abantaila hartu zuten bizkaitarrek, baina minutuak aurrera joan ahala DKVk partida berdintzea lortu zuen (13-13). Ondoren, Bizkaiak aldea hartu zuen berriro (13-17) eta azkenean bi puntuko aldeaz bukatu zuen Bizkaiak lehen laurdena (17-19).
Bigarren laurdenean etxeko taldeak bere jokoa hobetu zuen eta berak ezarri zuen partidaren erritmoa. Bizkaiari gehiago kostatzen zitzaion saskiraketak lortzea eta ondorioz, bost puntuko desabantailaz iritsi ziren atsedenaldira (37-32).
Atsedenalditik bueltan oso ondo jokatu zuen Bilbao Basketek. Defentsan sendo aritu ziren Katsikarisenak eta ondo itxi zioten saskiratzeak lortzeko bidea etxeko taldeari. Horren ondorioz, bederatzi puntuko abantaila lortu zuten hirugarren laurdena bukatu zenean (47-56).
Azken laurdena oso berdindua izan zen. Joventutek 60-60 berdintzea lortu zuen, baina une horretatik aurrera hasi zen talde bizkaitarra bere joko onena erakusten. Azken minutuak maisuki maneiatu zituen Bizkaiak eta azkenean garaipena lortu zuen 66-72ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
66. DKV Joventut (17+20+10+19): Valters (5), Tripkovic (2), Tomás (2), Koffi (-), Hernández-Sonseca (14) -hasierako bostekoa-, Fernández (2), Tucker (13), Eyenga (9), Bogdanovic (9) eta Norel (10).
72. Bizkaia Bilbao (19+13+24+16): Salgado (10), Warren (13), Mumbrú (22), Banic (4), Hervelle (10) -hasierako bostekoa-, Seibutis (7), Moiso (6), Blums (-), Markota (-) eta Vazquez (-).