Itxi

Bilbao Basket

Eurokopa

Bilbao Basket-Partizan, gaur, 20:30ean, Miribillan

Agentziak | Erredakzioa

Partida ZUZENEAN jarraitu ahal izango da STREAMING bidez, eitb-eus webguneko Kirolak zuzenean ataletik.

  • Bilbao Basketek porrota jaso zuen Iberostar Teneriferen aurka, Ligako jardunaldian. EFE

    Bilbao Basketek porrota jaso zuen Iberostar Teneriferen aurka, Ligako jardunaldian. EFE

RETAbet Bilbao Basketek Partizan Nis Belgrad taldearen bisita jasoko du gaur, Bilbao Arenan. Serbiako taldea multzoko azkena da eta Miribilla bisitatuko du Eurokopako hirugarren jardunaldian. Bilboko taldeak, berriz, Limogesen eta Teneriferen kontra pilatutako azken bi porrotak alde batera utzi nahiko ditu Partizani irabazita.

Beltzezko gizonek oso ondo ekin zioten Europako txapelketari Lietuvos Rytas Lituaniako taldearen etxean partida ona jokatu eta garaipena poltsikoratu ostean, baina ezin izan zioten bide horri eutsi joan zen asteazkenean, etxean, Limogesek bereganatu baitzituen lehian zeuden puntuak (91-98). Partida horretan, neurketa gehientsuenetan gertatzen ari zaiena bizi izan zuten bilbotarrek: oso kaskar ekin zioten norgehiagokari.

RETAbetek ezin izan zuen larunbatean asteazkeneko porrota atzean utzi Teneriferen kantxan. Nahiz eta bizirik iraun zuen lehen hiru laurdenetan, azkenerako men egin behar izan zuen, eta Endesa Ligako hirugarren porrotarekin bueltatu ziren Bilbora (83-69).

Bilbotarrek Miribillara ataka larrian helduko den Partizan izango dute aurrez aurre; izan ere, C multzoan oraindik garaipenik lortu ez duen talde bakarra da. Asteburuan, aldiz, 117-104 irabazi zuen Adriatikoko Ligako partida, Igokearen aurka.

Esan bezala, Eurokopako aurreko bi jardunaldietan galdu egin du talde serbiarrak: Alba Berlinen aurka (111-85), kanpoan, eta Lietuvos Rytasen kontra (80-91), etxean.

Honako jokalari hauek osatzen dute Partizanen bloke nagusia: Patrick Miller joko-antolatzailea (19,5 puntu eta 3 errebote), Nigel Williams-Gross eskolta (16,5 puntu eta 5,5 asistentzia), Vanja Marinkovic hegalekoa (11,5 puntu eta 5,5 errebote), eta Marko Pecarski (8,5 puntu eta 5 errebote ) eta Doko Salic (8 puntu eta 4,5 errebote) pibotak.