Itxi

Bilbao Basket

Bilbao Arena, 20:30ean

Bilbao Basketek garaipen beharrean hartuko du ALBA Berlin

Agentziak | Erredakzioa

Beltzezko gizonentzat partida oso garrantzitsua da eta garaipena behar dute, Eurokopako C Multzoan duten egoera zaila are zailagoa bihur ez dadin. Zuzenean ETBn eta eitb.eus-en.

RETAbet Bilbao Basketek ALBA Berlin izango du bisitari gaur Miribillan (20:30). Beltzezko gizonek ezinbestean irabazi beharreko partida da, Eurokopako C Multzoan duten egoera zaila are zailagoa bihur ez dadin.

Carles Duranen gizonek hiru porrot pilatu dituzte jarraian, horietako bi etxean Limogesen eta Partizanen aurka, eta txapelketatik at geratzeko arriskuan daude.

Urruti geratzen da bilbotarrek lehen jardunaldian Lituanian lortutako garaipen aipagarria Lietuvos Rytasen contra, eta partida hori da, hain zuzen ere, oraindik itxaropenak izatea ahalbidetzen diena. Alabaina, ALBAren aurrean galduz gero, ia aukerarik gabe geratuko lirateke.

Bilbao Basketen itxaropena sailkapenaren behealdean Lietuvos eta Partizanekin duten berdinketa haustea da. Hiru talde horiek elkarri irabazi diote, bakoitzak aurkariaren kantxan.

Aldiz, Aito Garcia Reneses madrildarraren gidaritzapean dagoen ALBA Berlinek partida bakarra galdu du, multzoko liderra den Lokomotiv Kuban Krasnodarren etxean, hain zuzen ere.

Alemaniarren artean gehien nabarmendu diren jokalariak hiru estatubatuar dira: Peyton Siva joko-antolatzailea,laugarren jardunaldiko jokalari onena izan zena (13 puntu eta 6 asistentzia partida bakoitzean); Spencer Butterfield, joko-antolatzailea bera ere, (12,8) eta Endesa Ligan eskarmentu handia duen Luke Sikma pibota 12,3 eta 7,8).

Beltzezkoen artetik Dejan Todorovic (16,8), Alex Mumbru (12,5 eta 3,8) eta Jonathan Tabu (11,3) dira orain arteko jokalari aipagarrienak.

Asteazken honetan Bilbao Arenan izango den norgehiagoka bilbotarrek eta alemaniarrek euren artean jokatuko duten hirugarrena izango da (2-1 alemaniarren alde).