Itxi

Bilbao Basket

Intentsitaterik gabe jokatu du

Valladolid-Bilbao Basket (68-60): Porrot mingarria

Josu Bilbao

Erredakzioa

Bilbotarrek itxura kaskarra erakusti dute Porfi Fisacen taldearen aurka. Etxekoen defentsa bikaina izan da eta talde beltzak ezin izan du erasoan erantzun.

Bizkaitarrek ez dute norgehiagoka ongi planteatu eta Blancos de Rueda Valladolidek garaipen lortu du etxean. Bilboko taldeak akats gehiegi egin ditu erasoan eta defentsan ez da sendo egon. Paco Vazquezek ACB Ligan jokatu duen 500. partidan Bilbao Basketek itxura pattala erakutsi du.

Fotis Katsikarisen mutilek ez dute partida ondo hasi, etxekoek presio handia egin baitute defentsan eta erasoan abiadura handia ezarri dutelako. Valladolidek ederki planteatu du norgehiagoka eta markagailuan aurre hartu dute hasieratik. 11-6a lortu ostean, Bilbao Basket motel ibili da defentsan eta Robinsonen saskiraketek 18-12koa jarri dute markagailuan.

Bigarren laurdenean aldaketak izan dira bostekoan eta Hervellek eta Javi Rodriguezek lan bikaina egin dute erasoa antolatzen eta erreboteak lortzen. Mavroeidisek bi saskiraketa lortu ditu eta bizkaitarrak 21-20 hurbildu dira. Hervellen beste saskiraketa eder baten ostean bilbotarrak 21-22 aurretik jarri dira lehen aldiz markagailuan, baina Blancos de Ruedak bere joko ona mantendu du eta 29-28 joan dira bi taldeak atsedenaldira.

Bizkaia Bilbao Basket berdin irten da bigarren zatian kantxara eta etxeko taldeak defentsa gogorra ezartzen jarraitu du. Talde beltza pattal ibili da erasoan eta hirugarren laurdena eten askoko laurdena izan da, falta asko izan baitira. Porfi Fisacen mutilen defentsa paregabea izan da eta 5 puntuko aldea lortu dute 38-33. Mavroeidisek eta Banicek saskiraketa garrantzitsuak lortu dituzte partida berdintzeko, 40-40, baina etxekoak 48-45 aurretik bukatu dute hirugarren laurdena.

Azken laurdenean talde beltza hiruko marratik saskiraketak lortzen hasi da eta Hervellek 55-55 jarri du markagailua. Warrenek beste hiruko garrantzitsu bat lortu du 58-58a ezarriz, baina Blancos de Ruedak bi hiruko lortu ditu jarraian eta Isaac Lopezek eta Diego Garciak garaipenera bideratu dute haien taldea. 68-58koarekin partida erabakita gelditu da eta azken emaitza 68-60koa izan da Valladolidentzat. Bilbotarrek partida kaskarra jokatu dute, intentsitate gutxikoa.

Fitxa teknikoa:

68 - Blancos de Rueda Valladolid (18+11+19+20): Stanic (6), Van Lacke (7), Robinson (6), Baez (13), Slaughter (4) -hasierako bostekoa-, Diego Garcia (13), Barnes (4), Dumas (4), Nacho Martin (2) eta Isaac Lopez (9).

60 - Bizkaia Bilbao Basket (12+16+17+15): Warren (5), Jackson (4), Mumbru (11), Banic (15), Hernandez-Sonseca (2) -hasierako bostekoa-, Javi Rodriguez (1), Mavroeidis (10), Blums (5), Hervelle (5), Vasileiadis (2) eta Paco Vazquez (-).