Itxi

Bilbao Basket

75-68

Bilbao Basketek igoera lortzeko finala jokatuko du Melillari irabazi ostean

A.B.

Bilboko taldeak garaipena lortu du Melillaren kontra (75-68) finalerdietan, eta Palma izango du aurkari igandeko finalean.

  • Bilbao Basket. Argazkia: EFE

    Demtrio, Bilbao Basket-Melilla (75-68) partidan. Argazkia: EFE

RETAbet Bilbao Basketek garaipena lortu du Melillaren aurka (75-68) Urrezko LEB Mailako Lauko Finaleko finalerdietan, eta igoera izango du jokoan igande honetan. Finala Palmaren aurka jokatuko du.

Bilbao Basketek hasiera bikaina eman dio neurketari, 5-0 irabazten hasita. Ondoren, Melillaren erantzuna etorri da, lehenengo partida berdinduz, eta, 0-9ko partzialarekin aurrea eta abantaila hartuz (5-9). Lehen laurdena amaitzeko hiru minutu falta zirenean, aurrea hartu du Bilbao Basketek (15-14). Lau puntuko abantaila eskuratu du talde bizkaitarrak, baina Melillak neurketa berdintzea lortu du, lehen hamar minutuen amaieran (18-18).

Norgehiagokaren gidoia ez da aldatu bigarren laurdenean. Bi taldeak izan dira aurretik markagailuan neurketaren fase ezberdinetan. Bi taldeetako batek ere ez du lortu abantaila handirik hartzea. Oso parekatua izan da bigarren laurdena ere, eta horren erakusle izan da emaitza, partida atsedenaldira iritsi denean (38-38).

Atsedenaldiaren ostean, Bilbao Basketek eta Melillak ez dute galdu aurreko laurdenetan eskaini duten maila, eta biak hasi dira gogor defendatzen. Horren eraginez, hirugarren laurdenaren hirugarren minuturako, bonusean sartu dira bosna falta egiteagatik. Laurdena amaitzeko lau minutu falta zirenean lortu du Melillak ordura arteko abantaila handiena (45-51). Geroago, norgehiagokako 28. minutuan, zazpi puntura handitu du errenta talde bisitariak (49-56). Bilbao Basketek, desabantaila hiru puntura murriztea lortu du laurdenaren azken txanpan (55-58).

Hasiera ezin hobea eman dio RETAbet Bilbao Basketek azken laurdenari, 10-0eko partziala eskuratuta (65-58). Melilla ezinean ibili da, eta Bilbao Basket izan da jaun eta jabe. Talde bisitariak, bolada txarra moztea lortu du, hiruko bat sartuta (65-61). Amaierako laurdenaren erdialdean nahasi egin da partida, bi taldeek huts asko egin dituzte, eta erasoan ezin asmatuta ibili dira. Neurketa amaitzeko bi minutu falta zirenean, bi puntura hurbildu da Melilla (68-66). Bilbao Basket sei puntuko abantailarekin iritsi da azken minutura (72-66). Bilboko taldeak ondo kudeatu ditu azken minutuak, eta garaipenak ez dio ihes egin (75-68).

Fitxa teknikoa:

75 - RETAbet Bilbao Basket (18+20+17+20): Schreiner (8), Brown (9), Matulionis (3), Demetrio (8) eta Larsen (15) -hasierako taldea-; Salgado (7), Rigo, Huertas (4), Edu Martinez, Cruz (6) eta Lammers (15).

Entrenatzailea: Alex Mumbru.

68 - Melilla Baloncesto (18+20+20+10): Franch (13), Gilling (2), Agada (18), Gjuroski (5) eta Dos Anjos (13) -hasierako taldea-; Javier Marin (7), Txemi Urtasun (7), Rubio, Vucetic (3) eta Balaban.

Entrenatzailea: Alejandro Alcoba.

Partzialak: 18-18, 38-38 (atsedenaldia); 55-58 eta 75-68 (amaiera).

Epaileak: Mariano Martin Palomo, Enrique Miguel Lopez Herradaetay Roberto Lucas Martinez. Dos Anjos kanporatu dute bost falta egiteagatik (40. min).