Bilbao Basket
Bilbao Arena
Bilbao Basket-Joventut (78-72): Bigarren garaipena jarraian
Erredakzioa
Katsikarisen mutilek denboraldiko bigarren garaipena eskuratu dute Miribillan Badalonako taldearen aurka. Marko Banic eta D'or Fischer izan dira partidako protagonistak.
-
Bilbao Basket-Joventut (78-72). Argazkia: EFE
Bizkaia Bilbao Basketek denboraldiko bigarren garaipena eskuratu du Miribillako Bilbao Arenan. Katsikarisen taldeak 78-72 gainditu du FIATC Joventut. Aurreneko zatian bilbotarrak izan dira nagusi, baina azkenengo laurdenean katalanek erasoan sakatu egin dute. Une erabakigarrian Marko banicek saskiraketa ederra lortu du eta garaipena etxeko taldeak eskuratu du.
Bizkaitarrak eta katalanak erasoan puntu errazak lortu dituzte hasierako minutuetan eta Jelinekek eta Banicek euren taldeak gidatu dituzte markagailuan 12-11koa jartzeko. Dór Fischerrek erakustaldia eman du bi taulen azpian eta apurka etxeko taldea nagusitzen joan da. Mumbruk puntu garrantzitsuak lortu ditu aurreneko laurdeneko azken minutuetan eta talde beltza 22-17 aurretik mantendu da.
Bigarren laurdenean Bilbao Basketek alde nabarmena lortu du (27-17) Hamplek lan bikaina egin baitu erasoan, baina Badalonakoek defentsa gogortu egin dute eta Obasohanek hiruko garrantzitsuak lortu ditu 38-35ekoa jartzeko. Bilboko taldeak intentsitatea jaitsi du eta atsedenaldian 40-37 aurretik izan dira Katsikarisen mutilak.
Hirugarren laurdenean Pooh Jeterrek markagailuan goitik jarri du FIATC Joventut (40-32), baina bizkaitarrek aurrea hartu dute berriro Janis Blumsen hirukoei esker (49-44). Federico Van Lacke argentinarrak erasoan gidatu ditu katalanak eta berde-beltzak markagailua iraultzeko zorian izan dira (54-53).
Bilbao Basketek urduritasuna somatu du azkenengo laurdenean eta Joventutek markagailuan aurrea hartzeko aprobetxatu du Obasohanen hiruko bati esker (63-64). Akats ugari egin dituzte Katsikarisen mutilek erasoan, baina Aaron Jacksonek eta Marko Banicek puntu erabakigarriak eskuratu dituzte markagailua iraultzeko. Mumbruk saskiraketa erabakigarria lortu du 70-64 jartzeko, baina Jeterrek bi puntura jarri ditu Badalonakoak (74-72). Azkenengo segundoetan Banicek saskiraketa paregabea lortu du eta partida erabakita gelditu da (78-72).
- Fitxa teknikoa:
78 - Bizkaia Bilbao Basket (22+18+14+24): Jackson (10), Grimau (2), Mumbru (15), Banic (20) eta D'or Fischer (12) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (-), Josh Fisher (-), Blums (12), Vasileiadis (-), Stevic (2) eta Hampl (5).
72 - Fiatc Joventut (17+20+16+19): Oliver (6), Jelinek (11), Obasohan (22), Williams (7) eta Llovet (-), -hasierako bostekoa-; Jeter (9), Van Lacke (11) Barrera (-), Trias (2), Sow (4) eta Todorovic ().