Bilbao Basket
Euroliga
Gescrap Bizkaia-Caja Laboral: Hil edo biziko partida
Erredakzioa
Bi euskal taldeak ostegun honetan lehiatuko dira, Miribillako Bilbao Arenan, Euroligako Top 16rako sailkapena lortzeko. Bakarrak egingo du aurrera, seguru asko.
-
Gescrap Bizkaia-Caja Laboral, artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Ostegun honetan partida historikoa jokatuko da Miribillako Bilbao Arenan (20:00), Gescrap Bizkaia eta Caja Laboralen artean. Bi euskal taldeek garaipena lortu behar dute Euroligako Top16rako sailkapena ziurtatzeko. Galtzen duenak beste kantxetan gertatzen denari begira gelditu beharko du.
Joaneko partidan Bilboko taldeak mendean hartu zuen Caja Laboral. Hala ere, hurrengo partidetan sailkapena zaildu zuten, baina Fenerbahceren kantxan lortutako garaipenak hurrengo fasearekin amets egiteko aukera eman die.
Baskonia espezialista da hil edo biziko partidetan Bilboko taldea mendean hartzean. Izan ere, Gasteizko taldeak hainbat alditan kanporatu du Bizkaia: hiru Errege Kopan eta bi Superkopan.
Partida izugarria izango da, biek ziurtatu nahiko dute Europako txapelketa handienean aurrera egiteko aukera. "Miribilla efektuaren" papera ezinbestekoa izango da Fotis Katsikarisen mutilentzat, baina Dusko Ivanovicen taldea ez da hasiberria eta partida ona egingo du, seguru asko.