Itxi

Bilbao Basket

Asteartean, 20:00etan

Bilbao Basket Teneriferen aurka arituko da asteartean, Txapeldunen Ligan, eta zenbait jokalari zalantzan daude

EITB MEDIA

Ez dago argi Andersson eta Radicevic jokatzeko moduan izango diren, eta Hakanson eta Ubal, nahiz eta igandean Kanaria Handiaren kontrako partidan aritu, ez daude ehuneko ehunean. Partida eitb.eus-en eta ETB4n izango da ikusgai, zuzenean, 20:00etan.

  • Jaume Ponsarnau entrenatzailea, hainbat jokalarirekin. Argazkia: EFE.

    Jaume Ponsarnau entrenatzailea, hainbat jokalarirekin. Argazkia: EFE.

Surne Bilbao Basket eta Lenovo Tenerife nor baino nor gehiago arituko dira asteartean, Miribillan, FIBA Txapeldunen Ligan, 20:00etan. Bilboko taldearentzat oso garrantzitsua da neurketa, baina hainbat zalantza ditu zenbait jokalariren gainean, arazo fisikoak baitituzte. Ez dago argi Denzel Andersson eta Nikola Radicevic prest izango diren, eta Ludde Hakanson eta Agustin Ubal, igandean Endesa Ligan Kanaria Handiaren kontrako partidan aritu ziren arren, oraindik ez daude ehuneko ehunean. Partida eitb.eus-en eta ETB4n izango da ikusgai, zuzenean, 20:00etan.

Bizkaiko taldean, Radicevicen egoera da kezkagarriena; izan ere, igandean, Kanaria Handia taldeko jokalari baten aurka talka eginda, min hartu zuen. Azkenean, "makadura gogorra" du, baita hezur edema bat ere, ezker belaunean; ondorioz, ez dago baztertuta asteartean kantxaratzeko moduan izatea.

Baliteke Andersson ere jokatzeko moduan egotea; Kanaria Handiaren aurka ez zen aritu, bajan egon baitzen, lunbalgia batengatik, baina astelehenean azterketa egin diote, eta emaitzaren zain daude, partida jokatzeko moduan dagoen erabakitzeko.

Taldeko gainerako bi antolatzaileek, Hakansonek eta Ubalek, Kanaria Handiaren kontra jokatu zuten, baina ez daude erabat sendatuta. Hakansonek ezkerreko abduktorea du minduta, eta Ubalek, ordea, ezkerreko bikia.

Neurketa gakoa da Bilbao Basketentzat. Jaume Ponsarnauren taldea, Txapeldunen Ligako Top16ko lehen itzulia amaituta, L multzoko hirugarren postuan dago, Teneriferen eta Murtziaren atzetik eta Darussafakaren aurretik. Hiru partida jokatu eta bakarra irabazi du. Hirugarren postu horrek ez du aukerarik ematen txapelketako final-laurdenetarako sailkatzeko. Txus Vidorreta bilbotarra da Teneriferen entrenatzailea, eta Txapeldunen Ligako egungo txapelduna da, gainera.