Bilbao Basket
FIBA EUROPE CUP
Bilbao Basketek, multzoko lehen postua ziurtatuta, 2. faseko rankinga hobetu nahi du, Balkan Botevgrad aurkari
AGENTZIAK | EITB Media
Bilbao Basketen eta Balkan Botevgraden arteko partida 19:00etan hasiko da, Bilbao Arenan, eta zuzenean eskainiko dugu ETB4n eta eitb.eus atarian.
-
Bilbao Basket eta Balkan Botevgrad, joaneko partidan
Surne Bilbao Basket, FIBA Europako Kopako K taldeko lehen postua bermatuta, txapelketako 2. faseko bere rankinga hobetu nahirik kantxaratuko da asteazken honetan, Balkan Botevgraden aurka, Miribillan jokatuko duen partidan (19:00). Beltzezko gizonek garaipena lortuta bukatu nahi dute fase hori, txapelketako finalerdietan eta finalean kantxaren abantaila izateko, final laurdenetako kanporaketan aurrera eginez gero.
Portok Gottingen menderatu du, 82-64, asteartean, eta, hortaz, Bilbao Basket matematikoki da K multzoko txapelduna. Bilboko taldeak, final laurdenetan, Sporting Portugal edo Legia Varsovia izango du aurkari, eta itzuliko partida Miribillan jokatuko dute. Dena dela, balizko finalaurrekoetan eta finalean ere itzulikoa Bilbon jokatzeko, Europa Kopako 2. faseko rankinga ahalik eta onena izatea behar dute beltzezko gizonek; hori dela eta, asteazkenean Miribillan irabaztea lagungarria izango litzateke helburu hori gauzatzeko.
Joaneko lehian, Jaume Ponsarnauren taldeak aise hartu zuen mendean Balkan Botevgrad, 62-94. Lehen erdian, ahal zuten moduan eutsi zioten neurketari bulgariarrek; bigarre erdian, berriz, ezin izan zieten bilbotarren erasoaldiei aurre egin, Adam Smithen lan bikaina kontuan izanik (25 puntu lortu zituen). Orain, taldeko azkena da Balkan, fase horretan jokatutako norgehiagoka guztiak galdu dituelako.
Bilbao Basket, bestetik, K taldeko txapelduna da. Bosgarren jardunaldian, final laurdenetarako sailkatzea lortu zuen, luzapenean Porto garaituta. Portugaleko taldeak ez zion lan erraza jarri; izan ere, Miribillan jokatutako neurketan nagusi izan zen azken laurdenera arte, baina, azkenean, Ponsarnauren gizonek emaitza irauli zuten.
Porto K taldeko bigarren lekuan sailkatu da, eta Gottingen FIBA Europa Kopatik at gelditu da.