Gipuzkoa Basket
Larunbatean, 19:15ean
Lagun Arok ezin du Valladoliden aurka huts egin bizirik mantentzeko
Erredakzioa
Gipuzkoarrek sentsazio onak utzi dituzte azken neurketetan, baina emaitzek ez dute lagundu eta sailkapeneko zuloan jarraitzen dute.
-
Argazkia: EFE
Lagun Aro GBCk ez du hanka-sartze gehiago egiteko aukerarik, eta larunbat honetan Blancos de Rueda Valladolidi irabazi beharko dio Donostian, ACBn mantentzeko itxaropena bizirik jarraitzeko.
Gipuzkoarrek sentsazio onak utzi dituzte azken neurketetan, baina emaitzek ez dute lagundu eta sailkapeneko zuloan jarraitzen dute. Ondorioz, donostiarrek berehala garaipenak behar dituzte.
Errege Kopako geldialdia baino lehen Lagun Arok talde lehiakorra aurkitu zuela ematen zuen, formula asko probatu ostean. Paunic serbiarraren eta Finley amerikarraren fitxaketek taldea sendotu dute, baina hobekuntza orain berretsi behar dute etxean.
Lagun Aroren jarraitzaileek itxaropenak Morris Finley hegalekoan jarrita dituzte, azken partidan Unicajaren aurka erakustaldia eman eta gero. Jokalari estatubatuarrak 32ko balorazioa eta 21 puntu lortu zituen.
Ligan oraindik aukerarik duen jakiteko datozen hiru norgehiagokak erabakigarriak izango dira Lagun Arorentzat. Denboraldiaurrean Valladolid mendean hartu zuen GBCk, baina Pucelan galdu zuen Ligan.