Gipuzkoa Basket
Donostian
Garaipen izugarri garrantzitsua, azken minutura arte sufrituta (77-76)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Gipuzkoa Basket Iberostar Teneriferi gailendu zaio luzapenean, neurketa osoan asko borrokatu eta sufritu ostean. Ponsarmaren taldeak kategoriari eusteko borrokan sartuta jarraitzen du, buru-belarri.
-
Jared Jordan protagonista izan da azken minutuetan. Argazkia: Efe.
Gipuzkoa Basketek garaipena oso garrantzitsua lortu du Iberostar Teneriferi luzapenean 77 eta 76 irabazita. Donostiarrek bizirik jarraitzen dute kategoriari eusteko borrokan.
Lehen laurdena azkarra eta bizia izan da. Gipuzkoarrek oso ondo hasi dute partida eta aitaren batean 9 eta 0 jarri dira aurretik markagailuan. Baina Tenerifeko entrenatzaileak hutsartea eskatu du jokalariak esnatzeko, eta gauzak aldatzea lortu du. 3 eta 13ko partziala eginda, kanpotarrek orduko emaitza irauli dute. Hala ere, lehen 10 minutuen amaieran gipuzkoarrak aurretik izan dira 24-18.
Bigarren zatian partida gogortu eta orekatu egin da. 29na eta 31na egin ostean, kanariarrek neurketaren kontrola hartu dute eta atsedenaldira lau puntuko aldearekin iritsi dira (35-39).
Hirugarren laurdenean huts ugari izan dira, Gipuzkoa Basketen kasuan batez ere, jokoan asmatu ezinda ibili baitira. Iberostarrek, aldiz, min handia egin du kanpoko jaurtiketetan eta buruz burukoetan. Azken 10 minutuen faltan, zortzi aldeko aldea izan dute Tenerifekoek: 51-59.
Emozioa gainezka, azken minutuetan
Azken laurdenean, Alejandro Martínezen taldeak partida osoko alderik handienak izan ditu, baina GBCk ez du amore eman, eta 14 eta 0eko partzialari esker, partidan sartu dira berriro. Bukaera zirraragarria izan da, eta 69ko berdinketarekin luzapenera jo behar izan dute irabazlea erabakitzeko.
Luzapenean, lau jaurtiketa librek lau puntuko aldea eman diete gipuzkoarei, baina ondoren beste bi berdinekta izan dira: 74na eta 76na. Azken segundoetan, Jordanek jaurtiketa librea sartu du eta abantaila eman dio bere taldeari. Illunbeko zaleek eta jokalariek arnasari eutsi diote azken momentuan, Tenerife hirukoa sartzen saiatu denean. Baina huts egin dute. Azkenean, garaipena etxean gelditu da.
Fitxa teknikoa:
77.- Gipuzkoa Basket: Jordan (10), Grimau (14), Dani Díez (19), Hanley, Doblas (18) -hasierako boskotea- Olaizola (2), Huertas (2), Abercrombie (6), Franch, Iaraochevitch (6), Huskic, Oroz.
76.- Iberostar Tenerife: San Miguel (3), Richotti (9), Rost (9), Sikma (12), Sekulic (8)- hasierako boskotea - Uriz (4), Xabi Rey (2), Lampropoulos (6), Heras, Blanco (13), Beirán (10).
Markagailua, laurden bakoitzean: 24-18; 35-39 -atsedenaldia- 51-59; 69-69 -luzapena- 77-76.