Itxi

Gipuzkoa Basket

83-69

Gipuzkoa Basketek porrota jaso du UCAM Murtziaren aurka

eitb.eus

Delteco GBC taldeak 83-69 galdu du Murtzian. Etxeko taldeak hirugarren laurdenean bideratu du garaipena.

5:00

Delteco GBC taldeak 83-69 galdu du UCAM Murtziaren aurka Endesa Ligako 24. jardunaldiko partida. Porrot honekin 10 garaipeneko eta 14 porroteko balantzea du talde gipuzkoarrak.

Ondo ekin dio neurketari GBC taldeak, 0-7ko partzialarekin, eta 9 punturainoko abantaila ere izan du (2-11). Pixkanaka, etxeko taldea aldeak murrizten hasi da, neurketa berdintzea lortu du (16-16), eta UCAM Murtzia iritsi da aurretik lehen hamar minutuen amaieran (20-18).

Bigarren laurdena oso lehiatua izan da, eta bi taldeei asko kosta zaie markagailuan zuloa irekitzea. UCAM Murtziak aurrea hartzen izan duen bakoitzean Gipuzkoa Basketek azkar eta ondo erantzuten izan du, eta alderantziz. Atsedenaldira iristeko 39 segundo falta izan direnean, berdinketa adierazten izan du markagailuak (37-37). Azken txanpan, GBCk biko saskiratzea lortu du, Murtziako taldeak puntu bat lortu du jaurtiketa libre bat sartuta, eta atsedenaldira iristean puntu bateko abantaila lortu du Gipuzkoa Basketek (38-39).

Atsedenaldiaren osteko lehen minutuak parekatuak izan diren arren, hirugarren laurdenaren erdialdetik aurrera behera etorri da Delteco GBC. UCAM Murtzia nagusi izan da hirugarren laurdeneko azken minutuetan eta Gipuzkoa Basket ezinean ibili da. Une txarra pasa du talde gipuzkoarrak eta garesti ordaindu du. Murtziako taldeak 13 puntuko abantaila lortu du laurdenaren amaieran (62-49).

Azken laurdenaren hasieran, Gipuzkoa Basketek ez du aldeak murriztea lortu eta UCAMen abantailak gora egin du. Hirugarren laurdenetik ekarritako desabantaila zama astunegia izan da Delteco GBCrentzat eta talde donostiarrak porrota jaso du (83-69).

Fictxa teknikoa:

83. Universidad Catolica de Murcia Club Baloncesto (20+18+24+21): Hannah (2), Oleson (7), Rojas (-), Soko (14) eta Tumba (5) -hasierako bostekoa-, Alex Urtasun (12), Benite (15), Kloof (12), Delia (8) eta Lima (8).

69. Delteco Gipuzkoa Basket Club (18+21+10+20): Cherry (18), Van Lacke (4), Salvo (2), Clark (18) eta Agbelese (4) -hasierako bostekoa-, Dani Perez (4), Pardina (4), Fakuade (-), Swing (8), Norel (7) eta Oroz (-).

Epaileak: Jose Antonio Martin Bertran, Sergio Manuel Rodriguez eta Martin Caballero Madrid.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Gipuzkoa Basket