Itxi

Gipuzkoa Basket

FITXAKETA

Delteco GBCk Alberto Corbacho hegalekoa fitxatu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Talde gipuzkoarrak datorren denboraldirako egin duen lehen fitxaketa da Corbacho, Sergio Valdeolmillos entrenatzailearen ostean.

  • Argazkia: @gipuzkoabasket

    Argazkia: @gipuzkoabasket

Delteco GBC saskibaloi taldeak Alberto Corbacho hegalekoa fitxatu du Monbus Obradoiro taldetik, Donostiako klubak asteazken honetan iragarri duenez. Talde gipuzkoarrak datorren denboraldirako egin duen lehen fitxaketa da Corbacho, Sergio Valdeolmillos entrenatzailearen ostean.

Palmako San Jose Obrero taldeko behe kategorietan hazi ondoren, 2003an CB Malagak fitxatu zuen, eta jokalari garrantzitsua izan zen LEB Ligan zazpi denboralditan egondako talde guztietan. Kanpoko jaurtiketa da bere jokoaren ezaugarririk nagusiena, eta Endesa Ligako hiruko jaurtitzaile arriskutsuenetakoa da. 2013/2014 denboraldian hiruko batez besteko marka hoberena lortu zuen espainiar batentzat, partida bakoitzeko 3.1 hiruko lortuta eta jaurtiketen % 40 asmatuta.

Santiago de Compostelan bost denboraldi egon ondoren, 2015/2016 sasoian Baskoniak fitxatu zuen, eta gasteiztarrekin Euroligako Lauko Finalera iristea lortu zuen. Ondoren, Obradoirora itzuli zen, eta bertan egin ditu azken bi denboraldiak.

Balearretako jokalariak 34 urte egingo ditu urrian. Aurreko denboraldian 26 norgehiagoka jokatu zituen. Partidako 6,2 puntuko batez bestekoa lortu zuen, hiruko jaurtiketetan % 35 asmatuta eta bikoetan, % 57.