Itxi

Gipuzkoa Basket

88-82

Gipuzkoa Basketek porrota jaso du Obradoiroren aurka

eitb.eus

Neurketa parekatua jokatu dute galiziarrek eta gipuzkoarrek, baina garaipena Monbus Obradoirok lortu du, 88-82ko emaitzarekin.

Delteco GBC taldeak porrota jaso du Monbus Obradoiroren aurka (88-82). Neurketa parekatua izan da galiziarrek eta gipuzkoarrek jokatu dutena, eta azken txanpan erabaki da Obradoiroren alde.

Gipuzkoa Basketek bikain ekin dio partidari, 0-5eko partzialarekin, eta 6 puntuko abantaila ere lortu du (2-8). Obradoirok, ordea, azkar erantzun dio talde gipuzkoarrari, eta lehen laurdenaren azken txanpan 6 puntuko abantaila lortu du (17-11). Delteco GBC taldeak ondo jokatu ditu azken jabetzak eta berdinduta amaitu dira lehen hamar minutuak (17-17).

Bigarren laurdenaren hasieran ere Gipuzkoa Basketek hartu du abantaila (19-25), baina lehenengoan gertatu bezala, etxeko taldeak erreakzionatu egin du, eta aurrea hartu du atsedenaldira iristeko 3 minutu falta zirenean (36-34). Lehen laurdenaren gidoia jarraituta, talde gipuzkoarrak ondo jokatu ditu bigarren laurdeneko azken minutuak eta 2 puntuko abantailarekin heldu da atsedenaldira (40-42).

Atsedenaldiaren ostean, talde galiziarra nagusi izan da, eta Gipuzkoa Basket atzetik ibili da ia laurden osoan zehar. Hirugarren laurdenaren azken txanpan Monbus Obradoiro GBC baino hobea izan da, eta etxeko taldeak 8 puntuko abantaila eskuratu du azken laurdenari ekiteko (70-62).

Laugarren eta azken laurdenean Obradoirok nahi izan duen erritmoan jokatu da. Gipuzkoa Basket saiatu da aldeak murrizten, baina aurkaria gehiago izan da, eta ezin izan du hirugarren laurdenean pilatu duen desabantaila murriztu. Amaieran, Monbus Obradoiro irabazle, 88-82ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

88 - Monbus Obradoiro (17+23+30+18): Llovet (11), Obst (15), Singler (13) Pozas (4), Vasileiadis (11) -hasierako bostekoa-, Sàbat (6), Brodziansky (9), de Zeeuw (12), Spires (0), Navarro (3), Hlinason (4).

82 - Delteco Gipuzkoa Basket (17+25+20+20): Nevels (19), Van Lacke (2), Pérez (16), Barro (3), Bobrov (0) -hasierako bostekoa- Gutiérrez (7),  Sekulic (7), Salvo (19), Burjanadze (6), Sanadze (0), Corbacho (3).

Epaileak: Bertran, Oyon, Zamorano.