Itxi

Gipuzkoa Basket

Porrota Madrilen

Delteco GBCk huts egin du Estudiantes aurkari zuzenaren aurka (86-62)

Agentziak | Erredakzioa

Sergio Valdeolmillosen taldeak zuloan sartuta jarraitzen du eta hiru garaipenera ditu orain mailari eusteko postuak.

Delteco GBC galtzaile atera da Movistar Estudiantes aurkari zuzenari egindako bisitan. Emaitza honi esker, madrildarrak jaitsiera postuetatik atera dira eta Errege Kopan parte hartuko dute etxeko talde gisa, Montakit Fuenlabradak Tenerifen irabazi ostean.

Bi taldeek urduri hasi dute partida, neurketa oso garrantzitsua baitzen bientzat. Donostiarrak hobeto hasi dira, eta aurreneko minutuetan 8 eta 13 aurreratu dira markagailuan.

Baina momentu horretan, madrildarrek 15 eta 0ko partziala egin dute eta 23 eta 13 jarri dira aurretik. Laurdena 25 eta 17ko emaitzarekin amaitu da.

Bigarren laurdenean gauzak ez dira asko aldatu, eta neurketak irekita jarraitu du atsedenaldian: 44-38.

Atsedenak ez dio batere onik egin GBCri, eta hirugarren laurdena 10 puntu atzetik amaitu dute: 60-50.

Azken 10 minutuetan, Sergio Valdeolmillosen jokalariak ideiarik eta indarrik gabe geratu dira, eta garaipena Madrilen geratu da (86-62).



Fitxa teknikoa:

86 - Movistar Estudiantes (25+19+16+26): Gentile (13), Brizuela (12), Cook (1), Caner-Medley (2) eta Whittington (15) -hasierako boskotea-, Sola (2), Clavell (22), Hakanson (6), Vicedo (2), Suton, Grytsak eta Arteaga (11).

62 - Delteco GBC (17+21+12+12): Nevels (4), Pérez (9), Sekulic (7), Salvó (5) eta Burjanadze (10) -hasierako boskotea-, Gutiérrez (2), Van Lacke (8), Barro (9), Bobrov (2) eta Corbacho (6).