Gipuzkoa Basket
Valentzian
Power Electronics-Lagun Aro (84-75): Porrot sendoa
Erredakzioa
Pablo Lasoren mutilek ezin izan dute gehiago jokatu duen Valentziaren aurka. Lehen zatian ondo eutsi dio Gipuzkoa Basketek markagailuari, baina atsedenaldiaren ostean asko sakatu dute laranjek.
Valentziarrak gehiago izan dira eta donostiarrek ezin izan dute ezustekoa eman etxetik kanpo. Lehen zatian ondo mantendu dira gipuzkoarrak defentsan, baina hirugarren laurdenean Savanovicek partida laranjen alde jarri du. Azken emaitza 84-75ekoa izan da.
Lehen laurdenean donostiarrak indartsu atera dira kantxara eta 2-8 partziala lortu dute Albert Mirallesen lan onari esker. Hala ere talde laranjak erasoan sakatu du eta aurrea hartu du markagailuan 19-17ko emaitzarekin.
Bigarren laurdenean Lasoren mutilek ondo eutsi diete Pesicen mutilei, baina Savanovicek saskiraketa garrantzitsuak lortu ditu etxekoentzat (34-24) 10 puntuko aldea jarriz markagailuan. Panko eta Baron jokoan sartu dira aldea murrizteko eta atsedenaldira emaitza 41-36koa izan da.
Hirugarren laurdenean Power Electronicsek duen kalitatea erakutsi du eta gipuzkoarrek ezin izan dute valentziarren erasoa gelditu. Pesicen taldeak markagailuan kolpea eman dute eta Lagun Arok saskiraketa erraz gehiegi hartu ditu norgehiagoka apurtzen hasi denean (66-50).
Laurden erabakigarrian Valentziak azkar erabakita utzi du partida eta donostiarrek ezin izan dute saskiraketekin erantzun. Azken minutuetan emaitza txukundu egin dute Lagun Aroko jokalariek eta 84-75eko markagailuarekin bukatu da partida.
Fitxa teknikoa:
84 - Power Electronics Valentzia (19+22+25+18): Cook (6), Martinez (8), Richardson (6), Lishchuk (11), Javtokas (6) -hasierako bostekoa- Pietrus (11), De Colo (7), Middleton (-), Savanovic (21), Navarro (8), Simeon (-) eta Fernandez (-).
75 - Lagun Aro GBC (17+19+14+25): Salgado (7), Sanchez (2), Panko (13), Miralles (17), Doblas (6) -hasierako bostekoa- Tskitishvili (3), Uriz (-), Baron (19), Kone (2) Lorbek (3) eta Lasa (3).