Itxi

Gipuzkoa Basket

Fase erregularra

Andy Panko izan da Endesa Ligako jokalaririk onena

Erredakzioa

Lagun Aro GBC taldeko jokalariak bere emazteari eskaini dio saria. Bestalde, Harrisburgekoa izan da Endesa Ligako saskiratzailerik onena.

  • Andy Panko Lagun Aro GBC taldeko hegaleko estatubatuarra. Argazkia: EITB

    Andy Panko Lagun Aro GBC taldeko hegaleko estatubatuarra. Argazkia: EITB

Andy Panko Lagun Aro GBC taldeko hegaleko estatubatuarra izendatu dute Endesako Ligako fase erregularreko Jokalaririk Baliotsuena (MVP), Madrilen play-offak aurkezteko eta fase erregularreko sariak emateko egin den ekitaldian iragarri dutenez.

Gainera, Pankorekin batera, Sergi Vidal (Lagun Aro GBC) eta Mirza Teletovic (Caja Laboral) Boskote Onenean sartu dituzte, Sergio Llull (Real Madrid) eta Erazem Lorbekekin (Barcelona Regal) batera. Pankok 63 boto lortu ditu, Llullek 55, eta Teletovicek eta Vidalek 50na. Iaz Fernando San Emeterio (Caja Laboral) izan zen fase erregularreko MVPa.

Pankok bere emazteari eskaini dio saria. Hegaleko estatubatuarrak balorazioaren sailkapeneko hirugarren tokian bukatu du Endesa Ligako fase erregularra, 34 jardunaldiren ondoren, 579 puntu lortuta, 17,0 puntuko batez-bestekoarekin, James Augustine eta Kaloyan Ivanoven ondoren.

Saskiratzailerik onena

Bestalde, Harrisburgekoa izan da Endesa Ligako saskiratzailerik onena, 18,9 puntuko batez-bestekoarekin, eta, 34 urterekin, MVP beteranoena da. Gainera, bi aldiz izan da Jardunaldiko Jokalaria, 15. eta 32. jardunaldietan, hain zuzen ere.

Casademont Girona taldearekin ACBn duela bederatzi urte debuta egin zuenetik, 2002-2003 denboraldian, ondoren CDB Sevilla, Bilbao Basket eta Lagun Aro GBC taldeetan jokatu du. Denboraldi honetan, partidako 18,9 puntu, 5,3 errebote, 1,4 asistentzia eta 17,0 puntuko balorazioa lortu ditu batez beste.