Itxi

Baskonia

Igandean, 12:00etan

Jelinekek debuta egin ahal izango du Valentziaren aurka

Erredakzioa

Zan Tabaken taldeak Khimkiren aurkako porrota ahaztu nahi du, eta Errege Kopa jokatu aurretik Endesa Ligan garaipena eskuratu nahi dute.

  • Caja Laboral Baskonia. Argazkia: EFE

    Caja Laboral Baskonia. Argazkia: EFE

Caja Laboralek Valentzia Basket hartuko du, igandean 12:00etan (zuzenean eitb.com-en), eta David Jelinek debuta egiteko abagunea izango du. Perasovicen mutilek hiru porrot jarraian jaso dituzte, eta Buesa Arenan ezustekoa eman nahi izango dute.

Txekiar Errepublikako gaztea ACB Ligara itzuliko da, Brad Olesonen tokia hartuta, Alaskoa Bartzelonara joan baita.

Jelinekek oraindik ez du taldekideekin entrenamendu gehiegirik egin, eta Causeurrek eta San Emeteriok pisu handiagoa hartu beharko dute. Hala ere, txekiarrak minutu batzuk jokatzeko abagunea izango du.

Caja Laboralek bolada oso ona darama Endesa Ligan, Zan Tabak aulkira heldu zenetik ez baitu porrotik ezagutu. Gainera, Errege Kopa jokatu aurretik garaipena eskuratu nahi du Arabako taldeak.