Baskonia
Gaur, 20:45an
Bartzelona, Baskoniaren azken geltokia Euroligan
Mikel Dominguez
Europako azken partida jokatuko du Laboral Kutxak, jokoan ezer ez dagoela, Top 16an zeharreko ibilbide txarrari bukaera jarrita.
-
Nocioni, Panathinaikosen aurka / EFE.
Euroligatik kanpo dago Laboral Kutxa, lehenengo itzulian aukera guztiak galdu zituenetik. Bartzelona, bere aldetik, sailkatuta dago hurrengo fasea jokatzeko. Bi taldeak aurrez aurre arituko dira Top 16ko azken partidan, Baskoniak aurtengoz Euroligari agur esango dion neurketan.
Partida zuzenean emango dute, gaur 20:45tik aurrera, ETB1ek eta eitb.com-ek. Norgehiagokaren aurretiko momentuak bereziak izango dira, Europan Google Glass betaurrekoak erabiltzen diren lehenengo aldia izango baita. Zaleek, beraz, Nocioniren begietatik zuzenean grabatuta izango diren irudiak ikusi ahal izango ditu.
Top 16ko partida guztiak jokatzeko tramitea bukatuta, Baskonia Endesa Ligan jarriko du burua, zazpigarren postua eta play-offak ziurtatzeko asmoz.
Sergio Scariolo entrenatzaileak jokalari guztiak izango ditu prest, baita Lamont Hamilton ere. Minutuak pilatu nahi ditu estatubatuarrak. Laboral Kutxak hamahirutik lau irabazi ditu Euroligan, eta hasieran gelditu zen aukerarik gabe. Etxean bakarra irabazi zuen, azken jardunaldian, eta agur esango dio txapelketari Bartzelonan.
Azken bi neurketak galdu ditu Kataluniako taldeak, Armani Milanen eta Zaragozaren kontra. Baskoniak ere Endesa Ligako biak galdu ditu, Unicaja eta UCAM Murtziaren aurka.