Itxi

Baskonia

88-77

Baskonia finalik gabe geratu da luzapenean

Mikel Dominguez | eitb.eus

Saiatu egin da Laboral Kutxa, eta hasiera txarrari buelta eman dio, markagailua irauliz, baina bukaera krudelak ametsa kendu dio Gasteizko taldeari Fenerbahceren aurka.

  • Fenerbahce 88 - Laboral Kutxa 77 / EFE.

    Fenerbahce 88 - Laboral Kutxa 77 / EFE.

Baskonia amestutako Euroligako finalik gabe geratu da. Dena egin du hobea zen aurkariari irabazteko, eta gertu, oso gertu izan du garaipena, baina ihes egin dio azken laurdenaren azken minutuan, Sloukasen berdinketak luzapena ekarri duenean. Zigor handiagia izan da Gasteizko taldearentzat.

Finalerdiak ezin izan du txarrago hasi Laboral Kutxarentzat. Fenerbahce oso azkar jarri da, soilik bi minutuan, 13 puntuko aldearekin. Laugarren minutura arte ez dute egin gasteiztarrek lehenengo saskiratzea, Hangaren mate batekin.

Baskonistek defentsan hobetu dute hasierako triskantza gelditzeko, eta bi puntura izan dute Fenerbahce. Turkiarrek 8 puntuko aldearekin bukatu dute lehen laurdena (23-15).

Bourousis protagonista izan da Laboral Kutxaren bigarren laurdenean, aurrean eta atzean egindako lan bikainari esker. Hiru puntura jarri du bere taldea, estilo guztietan lortutako saskiratzeekin (25-22). Taldea gogor borrokatu da puntu bakarreko aldearekin heltzera atsedenaldira (41-40).

Borroka mantendu du Baskoniak hirugarren laurdenean, eta lehenengo aldeak lortu ditu. Hangak, bigarren zatia hasi bezain laster, aurretik jarri ditu baskonistak (41-42), eta taldeak alderik handiena ezarri du, momentu horretara arte, Adamsen saskiratzearen ostean (50-54).

Fenerbahce suspertu egin da hirugarren laurdeneko azken minutuetan, baina hala ere, Bourousisek eta zorte onak hirukoa lortu dute, eta aurretik heldu dira azken partzialera (55-57).

Ezin hobe hasi da azken laurdena. Baskonia aurretik jarri da 7 puntuko adearekin (59-66). Bigarren zatia intentsitatez beteta egon da.

Laboral Kutxa etsai ororen kontra borrokatu da, aurrean aurrekontu handiagoko taldea zuela, eta jaurtiketa bakarrera izan du Euroligako finala. Baskoniako zaleak, Turkiako uholde horia baino gutxiago izan arren, ez dute itxaropena galdu. Taldeak ahal zuela erakutsi du, eta oso gertu izan du.

Azken laurdenaren bukaera, baina, krudela izan da. Adamsek jaurtiketa librea huts egin du eta Sloukas berdinketa jarri du (72-72). Luzapena gehiegi izan da Baskoniarentzat, eta aukera guztiekin bukatu du. Hobetu da Fenerbahce, eta hasieran erakutsitako aldea ezarriz, finaletik kanpo utzi du Baskonia.