Itxi

Baskonia

Euroliga, 9. jardunaldia

CSKA taldeak jipoia eman dio Baskoniari Moskun (112-84)

Agentziak | Erredakzioa

Sito Alonsoren taldeak laugarren porrota hartu du aurtengo Euroligan; errusiarrek, berriz, argi utzi dute Euroliga berriro irabazteko faborito nagusien artean daudela.

3:04

Milos Teodosic bikain batek Baskonia zapaldu du, erakustaldia emanda. Gasteiztarrek lehen laurdenean bakarrik eutsi diete errusiarrei, baina bigarren zatian behera egin eta 112 eta 84 galdu dute.

Joko antolatzaile serbiarrak sekulako partida egin du: 34 puntu, 10 asistentzia eta 43ko balorazioa izan du, horri esker, Nando De Coloren baja ahaztarazi du.

CSKA Baskonia baino gehiago izan da azken hiru laurdenetan, eta arabarrak lehen laurdenean bakarrik gailendu dira. Baskoniak ondo hasi du partida, 2 eta 10eko partzialarekin, eta hamar minuturen ostean, 17 eta 27 izan dira aurretik.

Bigarren laurdenean, etxekoek burua argiago izan dute, Corey Higginsen eta Vitaly Fridzonen gidaritzapean. Gauzak horrela, markagailuko aldea murrizten hasi dira eta emaitza irauli arte, eta atsedenaldian 49 eta 46 izan dira aurretik.

Teodosicen erakustaldia

Hirugarren laurdenean, Teodosicek bere onena eman du, Baskoniak arazoekin jarraitzen zuen bitartean. Errusiarrek jokoa kontrolpean izan dute, puntu ugari sartu dituzte eta laurdena bukatzean 83 eta 69 izan dira aurretik.

Azken laurdenean, Moskuko taldeak jaun eta jabe izaten jarraitu du, markagailuko aldea handituz, arabarren ezinaren aurrean (112-84).

 

Fitxa teknikoa

112. CSKA Mosku (17+32+34+29): Jackson (8), Teodosic (34), Kurbanov (7), Vorontsevich (8), Hines (4) -hasierako boskotea-, Higgins (8), Khryapa (5), Augustine (13), Fridzon (14), D. Kulagin (2), M. Kulagin (6) eta Antonov (3).

84. Baskonia (27+19+23+15): Larkin (18), Hanga (12), Budinger (3), Voigtmann (9), Bargnani (8) -hasierako boskotea-, Beaubois (19), Blazic (5), Shengelia (10), Luz (-), Tillie (-), I. Diop (-) eta Sedekerskis (-).

 

s (-).