Itxi

Baskonia

2-1, kanporaketan

Kirolbet Baskoniak irabazi eta laugarren partida behartu du (88-83)

eitb.eus

Gasteiztarrek kanporaketako lehendabiziko garaipena lortu dute, eta ostegunean hura berdintzen saiatuko dira Buesa Arenan.

  • El Baskonia ha mejorado sus números defensivos. Foto: EFE

    El Baskonia ha mejorado sus números defensivos. Foto: EFE

Kirolbet Baskonia irabazi egin du Euroligako final-laurdenetako hirugarren norgehiagokan Fenerbahçeren kontra, eta, ondorioz, ostegunean laugarren neurketa jokatuko du turkiarren aurka Buesa Arenan, kanporaketa berdintzeko xedearekin.

Norgehiagoka berdinduta joan da hasierako minutuetan, baina bosgarren minututik aurrera zortzi puntuko abantaila hartu dute etxekoek, batez ere Marcelinhok jarraian sartutako bost punturen bidez (18-10). Gerora, ordea, Vildozari zalantzazko kirolez kontrako falta bat adierazi ostean (3:15 minuturen faltan), turkiarrek lehia berdindu dute, 0-8ko partziala sartuta (18-18). Hortik eta laurdena bukatu arte, talde biek apenas sartu dute punturik (19-20).

Bigarren laurdenean, gasteiztarrek defentsa lanak sendotu dituzte, eta Obradovicen mutilei zail egin zaie saskiratzeak lortzea. Baskoniak, aldiz, jarioa erakutsi du, hiruko lerrotik egindako jaurtiketak baliatuta (5 bigarren laurdenean eta 9 lehen zati osoan, 16 ahaleginetatik) zein Beauboisek egindako sarrera ikusgarrien bidez. Tarte horretako partziala 28-18 izan da etxekoen alde, eta, hartara, atsedenaldira bederatzi puntuko tartearekin ihes egin dute Pedro Martinezen gizonek (47-38).

Hirugarren laurdenean, Fenerbahçek aurrerapausoa eman du, eta bere entrenatzailearen lehiakortasun sena plazaratu du kantxa gainean beste behin ere. Baskonia ahalegindu da abantailari eusten, baina laurdena bukatzear zegoela egungo txapeldunek lortu duten 1 eta 11ko partzialak markagailua ia parekatuta utzi du (67-66).

Azken laurdenaren hastapenetan, Timmak hauspoa eman dio talde gasteiztarrari zortzi puntu jarraian erdietsita, gainera atzeko lana ere tenkatu dute etxekoek. Hartara, turkiarrek ez dute punturik sartu tarte horretako lehen bot minutuetan. Baskoniak, aldiz, puntuak sartzen jarraitu du Shengeliaren bi saskiratzeren eskutik eta Janningen hiruko bati esker. Horrenbestez, 15-0eko partziala lortu dute bost minuturen faltan (82-66). Gero, baina, itzali egin dira erasoan, eta talde horiaren susperraldia etorri da 2 eta 12ko partzialarekin (84-78). Bisitarien bolada hori Beauboisen biko saskiratze batek eten du, eta markagailura erabateko lasaitasuna eman duten azken bi puntuak Shengeliak lortu ditu jaurtiketa libreen puntutik. Azken emaitza 88-83 izan da.

Etxekoen aldetik Rodrigue Beaubois izan da jokalari azpimarragarriena (21 puntu eta 24ko balorazioa), talde guztiaren ekarpen handiaren buru ibili da frantziarra. Turkiarrei dagokienez, jan Veseley eta Kostas Sloukas nabarmendu dira. Esloveniarrak 17 puntu eta 23ko balorazioa lortu du; greziarrek, berriz, 14 puntu eta bere taldekidearen balorazio bera.

Fitxa teknikoa:

Kirolbet Baskonia 88 (19+28+20+21): Huertas (11), Beaubois (21), Timma (8), Shengelia (10) eta Poirier (12) -hasierako bostekoa-, Vildoza (4), Janning (10), Diop (-), Voigtmann (12), Granger (-) eta Garino (-).

Fenerbahçe Dogus 83 (20+18+28+17): Muhammed (8), Wanamaker (5), Kalinic (2), Thompson (1) eta Vesely (17) -hasierako bostekoa-, Sloukas (14), Guduric (12), Melli (7), Duverioglu (2), Nunnally (2) eta Datome (13).

Epaileak: Sreten Radovic (Kroazia), Sasa Pukl (Eslovenia) eta Olegs Latisevs (Letonia). Ez da kanporaturik egon.