Itxi

Baskonia

Partida ederra

Bilbao Basket-Caja Laboral (99-95): Bilbotarrek irabazi dute derbia

Sara Lavado

Erredakzioa

Erritmo handiko norgehiagoka izan da eta Bilbao Arenako zaleek izugarri gozatu dute. Azken minutuan erabaki da partida. Bizkaiak konfiantza irabazi du eta Baskoniak lidergoa galdu.

Bizkaia Bilbao Basketek merezita eskuratu du Caja Laboralen aurka Bilbao Arenan jokatutako euskal derbia (99-95). Puntuak etxean geratu dira emozioz betetako neurketa irabazita.

Erritmo handiko laurdena izan da aurrenekoa. Hobeto hasi dute Ivanovicen gizonek (5-13 4. minutuan), baina zaleek etxekoen susperraldian lagundu dute eta lehen hamar minutuak bukatzeko 50 segundoren faltan 25-25eko zen markagailua. Azkenean bi puntuko aldea lortu du Baskoniak (27-29).

Bigarren laurdena ere zirraragarria izan da, oso parekatua eta bi taldeek erritmoari eutsi diote. Bizkaiak orpoz orpo segitzen zion Gasteizko taldeari (46-46 18. minutuan). Atsedenaldian, 52-48 Katsikarisen gizonen alde.

Oldarkotasuna eta konfiantza erakutsi dute etxekoek hirugarren laurdenean eta Caja Laboralen ezintasunak Dusko Ivanovicen haserrea eragin du. Bilbao Basketek hamalau puntuko aldearekin aurre egin dio azken laurdenari (76-62).

Baina neurketa ez zegoen erabakita. Katsikarisen taldeak azken unera arte sufritu du amaierarako 28 segundoren faltan lau puntura hurbildu baita Baskonia (96-92).

Jokatzeko prest egon dira azkenean Barac eta Haislip (22 puntu) eta biek partida ona egin dute. Jackson, 26 punturekin, izan da neurketako saskiratzaile onena; Banicek 20 egin ditu. Mumbruren partida ere, azpimarratzekoa.

Bizkaiak konfiantza irabazi du eta oraingoz ez dio Kopari agur esan. Baskoniak, bestalde, lidergoa galdu duReal Madrilek 84-65 gainditu baitu CAI Zaragoza. Gasteiztarrek Euroligan jarri behar dute orain arreta osoa.

Fitxa teknikoa:

99.- Bizkaia Bilbao Basket (27+25+24+23): Fisher (3), Blums (9), Mumbru (14), Hervelle (4) eta Mavroeidis (7) -hasierako bostekoa-; Jackson (26), Vasileiadis (2), Warren (10), Banic (20) eta Sonseca (4).

95.- Caja Laboral Baskonia (29+19+14+33): Logan (13), Oleson (12), San Emeterio (16), Haislip (22) eta Barac (8) -hasierako bostekoa-; Huertas (19), Ribas (-), Bjelica (3), Teletovic (2) eta Musli (-).

Partzialak: 27-29, 52-48 (atsedenaldia); 76-62 eta 99-95 (amaiera).