Itxi

Baskonia

Espainiako Superkopa

Baskoniak finala galdu du Real Madrilen aurka

Erredakzioa

Final parekatua jokatu dute bi taldeek, baina azken laurdenaren hasiera kaskarrak aukerarik gabe utzi du Arabako taldea. Real Madril da Superkopako txapelduna, 80-73 irabazita.

Kirolbet Baskoniak porrota jaso du Real Madrilen aurka (80-73) Compostelan jokatu den Espainiako Superkopako finalean eta Madrileko taldeak eskuratu du denboraldiko lehen titulua.

Poirier Baskoniako jokalariak sartu ditu partidako lehen hiru puntuak (0-3), baina ordutik aurrea Real Madrilek hartu du aurrea (8-3, 13-8). Pablo Lasok zuzentzen duen taldeak 4 puntuko abantaila izan du ia laurden guztian zehar. Hala ere, laurdenaren azken txanpan Arabako taldea nagusitu da, eta norgehiagoka berdindu ostean (18-18), puntu bateko abantailarekin amaitu ditu Baskoniak lehen hamar minutuak (21-20).

Bigarren laurdenaren hasieran, 7 puntuko errenta eskuratu du Baskoniak, baina Real Madrilek lanean jarraitu du, eta aldeak murrizteaz gain (35-36), aurretik ere jarri da (38-36). Atsedenaldira iristeko 2 segundo falta zirenean Grangerrek hirukoa sartu du, eta bi puntuko abantaila eman dio talde gasteiztarrari (42-44).

Atsedenaldiaren ostean, hirugarren laurdenaren hasiera, parekatua izan da. Hala ere, Baskoniak intentsitate handiarekin egin du defentsako lana eta 6 puntuko errenta lortu du (56-50). Real Madrilek, aldiz, Arabako taldearen bi hutsegite baliatu ditu, eta puntu bakarrera gerturatu da, bi jokalditan (55-56). Hirugarren laurdenaren azken txanpan, Real Madrilek 3 puntuko abantaila lortu du (61-58), Baskoniak azkar erantzun du, eta aurretik jarri da (61-62), azken laurdenera puntu bakarreko aldearekin heldu da Pedro Martinezek zuzentzen duen taldea.

Oso kaskar ekin dio azken laurdenari Baskoniak eta Real Madrilek 7 puntuko abantaila eskuratu du (71-64). Defentsan lan gogorra eginda. 3 puntura gerturatu da Arabako taldea 76-73, baina erasoko jokaldietan erabaki oso txarrak hartu dituzte jokalari baskonistek, ez dute aurkariaren saski aurrean asmatu, eta titulua Real Madrilek eraman du (80-73).

Fitxa teknikoa:

80 - Real Madril (20+22+19+19): Llull (15), Taylor (-), Causeur (1), Randolph (8) eta Tavares (7) -hasierako bostekoa- Fernández (4), Campazzo (13), Ayon (12), Carroll (5), Reyes (-), Deck (2) eta Prepelic (13).

73 - Kirolbet Baskonia (21+23+18+11): Granger (5), Shields (14), Janning (2), Poirier (11) eta Shengelia (12) -hasierako bostekoa-, Vildoza (5), Huertas (-), Diop (11), Garino (5), Hilliard (6) eta Voigtmann (2).

Epaileak: Daniel Hierrezuelo, Emilio Perez Pizarro eta Miguel Angel Perez Perez.