Baskonia
Buesa Arenan
Caja Laboral-Lietuvos: El-Aminek Baskonia epaitu du (86-89)
Erredakzioa
Antolatzaile estatubatuarraren hiruko batek Teletovicen beste bat deuseztu du azken 13 segundo ikusgarrietan eta garaipena eman dio talde lituanarrari.
Caja Laboral Baskoniak eta Lietuvos Rytasek Euroligako bigarren jardunaldiari dagokion partida jokatu dute Buesa Arenan. Garaipena talde lituaniarrarentzat izan da (86-89).
Giroa hotz Buesa Arenan partida-hasiera, taldea eta kanpoko tenperatura ere, antzera. Hori baliatu du Lietuvosek markagailuan agintzen hasteko eta Baskoniaren lerroetara zalantza eramateko. Talde lituaniarra 17-26ko aldeko markagailuarekin heldu da lehenengo atseden laburrera.
Ivanovicen hitzen ostean Caja Laboral itxuraldatuta kantxaratu da, defentsako intentsitatea handituz eta jaurtiketetan finago. Bisitarien garra pixka bat itzali da eta etxekoek markagailua berdintzea lortu dute Marcelinho Huertasen biko jaurtiketa batekin (33-33). Atsedenaldira Dusko Ivanovicenak hiru puntuko aldea izan dute (40-37).
Atsedenaldiaren ostean Baskonia aldea handitzen saiatu da. Baita lortu ere. 28. minutuan 56-47koa erakutsi du markagailu elektronikoak. Bjelikaren eta Strawberryren hiruko banak eta Khalid El-Aminen biko batek baskoniarren aldea ia ezerezean utzi dute hirugarren laurdenaren amaieran (56-55).
Azken laurdenean Baskoniak eta Lietuvosek benetako saskibaloia eskaini digute, intentsitatea gainezka izan duen laureen batekin: defentsa gogorrak eta erasoko jokaldi onak alde bietan. Markagailua ere pare joan da azken segundoetara arte, eta 13 segundoren faltan heldu da onena.
Jabetza Baskoniarena, Teletovicek baloia hartu eta 9 metro baino gehiagoko distantziatik hiruko bikaina egin du, markagailua berdinduta. Bost segundo falta ziren eta luzapenaren bidea moztu du azken segundoan Khalid El-Aminek beste hiruko zoragarri batekin garaipena Lietuvosi emanez.
Partidako estatistika ofizialak.