Itxi

Baskonia

17. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskoniak galdu egin du Olympiacosen etxean, luzapenean (91-87)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Perasovicen taldeak eskura izan du garaipena, baina Papanikolaouk hiru segundoren faltan sartutako hirukoak partida berdindu du eta luzapena behartu du.

  • Vincent Poirier

    Vincent Poirier izan da Baskoniaren jokalaririk nabarmenena

Kirolbet Baskoniari berebiziko garrantzia izango zukeen garaipenak ihes egin dio Olympiacosen etxean, Euroligako 17. jardunaldian. Gasteiztarrek 91-87 galdu dute, partida irabaztea esku-eskura izan ostean. Kostas Papanikolauk neurketa amaitzeko hiru segundoren faltan sartu duen hirukoak luzapena behartu du (80-80), eta bertan ez da gai izan Bakearen eta Adiskidetasunaren kantxan daukan madarikazioarekin bukatzeko.

Pireon jokatutako azken 13 lehiak galduta iritsi da Greziara Baskonia, baina oraingo honetan irabaztea lortuko zuela zirudien, nahiz eta zenbait jokalari garrantzitsu faltan izan. Taldearen lehiakortasunari eta Luca Vildozaren ekintzei helduta (19 puntu), garaipena eskuratzea izan dira gasteiztarrak; izan ere, hiru segundoren faltan 77-80 islatzen zuen markagailuak. Une horretan, ordea, Bartzelonan aritutako hegaleko greziarrak sartu duen hiruko jaurtiketak luzapena ekarri du, eta bost minutu gehigarri horiek aldapa zailegia bihurtu dira arabarrentzat.

Baskoniak ondo aprobetxatu du Nikola Milutinov azken unean jokatzeko moduan ez egotea. David Blatten taldearen jokoan berebiziko eragina du serbiar gazteak, erasoan zein defentsan. Hartara, Vincent Poirier (9 puntu) eta Marcelinho fin aritu dira hasierako minutuetan, eta Printezisen eta Papanikolauren ekarpena parekatu dute. Lehen laurdenaren amaieran bisitariek lortu duten 0-6ko partzialari esker, aurretik amaitu dute tarte hori (20-22).

Olympiacos ez zen intentsitatez defendatzeko gai, eta Hilliardek eta Janningek bata bestearen atzetik sartutako hiruko jaurtiketak partida hausteko zorian egon dira.

Zuri-gorriak baloi ugari galtzen ari ziren (6) eta ez dute ohikoa den gidaritza aurkitu Spanoulisengan. Dena den, Williams-Goss azaldu da, eta atsedenaldira heltzean Baskoniaren aldeko abantaila handiagoa ez izatea lortu du (43-46).

Aldageletatik itzulita, Perasovicen mutilek zuloa areagotu dute (43-51, 22. min), baina greziarrek jokoa gogortzeari ekin diote une horretan.

Olympiacosek ez du amore eman

Olympiacosek atzeko lana estutu eta bere saskirako bidea itxi du. Ondorioz, arabarrek ezin izan dute punturik sartu bost minututan, eta 12-2ko partziala jaso dute (55-53, 27. min) Papanikolauren hirukoei esker, besteak beste. Greziarrak 22 puntu lortu ditu partidan, hiruko marratik egin dituen zazpi ahaleginetako sei sartuta. Hala ere, Baskoniak erantzuten jakin du, eta 0-9ko partziala egin du, azken laurdenari abantailarekin ekin ahal izateko (55-62).

Baskoniak hortzak estutzen jarraitu du, eta Olympiacos ezinean zebilela ematen zuen (57-66, 33. min). Alabaina, Blatten jokalariak, euren izaerari jarraiki, berpiztu egin dira Ledayren eskutik (23 puntu, 9 errebote eta 30eko balorazioa), eta markagailua asko parekatu da (63-66, 34. min).

Orduan ailegatu da Vildozaren txanda: lehendabizi, '2+1'eko jokaldi batekin, eta, ostean, hiruko batekin. Beraz, amaierarako lau minuturen faltan, 7 minutuko aldea zuen Baskoniak (67-74).

Gerora iritsi da joko-antolatzaile argentinarraren beste hiruko bat, minutu bat besterik falta ez zenean (73-77). Haatik, greziarrek markagailua berdintzeko ahalmena izan dute, aipatu bezala, Papanikolauren azken uneko hiruko horren bitartez (80-80).

Olympiacosek indarberrituta heldu dio luzapenari; ez, ordea, ordurako Poirier (17 puntu eta 12 errebote) gabe ari zen Baskoniak. Zama handiegia izan da Gasteizko taldearentzat, eta amaiera garratza bizi behar izan du.

Fitxa teknikoa:

91 - Olympiacos (20+23+12+25+11): Strelnieks (2), Mantzaris (-), Papanikolau (22), Printezis (19) eta Bogris (4) –hasierako bostekoa–, Williams-Goss (17), Spanoulis (4), Toupane (-), Timma (-), Vezenkov (-) eta Leday (23).

87 - Kirolbet Baskonia (22+25+15+18+7): Huertas (17), Janning (8), Shields (3), Voigtmann (10) eta Poirier (17) –hasierako bostekoa–, Vildoza (19), Diop (-) eta Hilliard (13).

Epaileak: Ilija Belosevic (Serbia), Olegs Latisevs (Letonia) eta Rain Peerandi (Estonia). Poirier kaleratu dute, 5 falta egiteagatik (37. min).