Itxi

Baskonia

73-82

Baskoniak hirugarren postuan amaitu du lehen itzulia, Bartzelonaren aurka galduta

Erredakzioa

Arabako taldeak 73-82ko emaitzarekin galdu du Buesa Arenan. Azken laurdenean behera egin du fisikoki talde gasteiztarrak.

Kirolbet Baskoniak porrota jaso du Bartzelona Lassa taldearen aurka (73-82) igande honetan Buesa Arenan. Ondorioz, Arabako taldeak Endesa Ligako sailkapeneko hirugarren postuan amaitu du lehen itzulia.

Perasovicek zuzentzen duen taldeak ondo ekin dio neurketari, lehen zazpi minutuetan bederatzi puntuko abantaila hartuta (14-5). Ondoren, ordea, Bartzelonak aldeak murriztu ditu, eta Baskoniarekin aldeko 19-15eko emaitzarekin amaitu da lehen laurdena.

Barçak hobeto jokatu du bigarren laurdenean, baina Baskoniak eutsi egin dio Endesa Ligako liderraren bolada onari. Norgehiagoka asko parekatu da bigarren laurdenean, eta bisitariak hobeto aritu dira, baina Baskonia aurretik iritsi da atsedenaldira (38-36).

Atsedenaldiaren ostean, oso parekatuta jarraitu du lehiak. Thomas Heurtelek gidatu du Bartzelona hirugarren laurdenean, eta Kirolbet Baskoniak asko sufritu du, baina ez dio aurkariari markagailuan ihes egiten utzi. Arabako taldeak 0-7ko partziala jaso du, eta Bartzelonak neurketa berdindu du (51-51). Parekotasuna nagusi zela, Bartzelona puntu bateko abantailarekin iritsi da azken laurdenera (61-62).

Partidako azken hamar minutuetan, Baskoniak nekea igarri du, eta min hartuta daudelako jokatu ezinik dauden jokalarien falta sumatu du. Fisikoki behera egin du Perasovicek zuzentzen duen taldeak, eta horretaz baliatu da Bartzelona garaipena eskuratzeko (73-82).

Fitxa teknikoa:

73 - Kirolbet Baskonia (19+19+23+12): Vildoza (11), Janning (3), Shields (15), Voigtmann (16) eta Diop (4) –hasierako taldea–; Huertas (-), Poirier (6) eta Hilliard (18).

82 - Bartzelona Lassa (15+21+26+20): Heurtel (11), Blazic (3), Hanga (6), Oriola (3) eta Tomic (17) –hasierako taldea–; Pangos (8), Ribas (11), Singleton (6) eta Claver (9).

Epaileak: Fernando Calatrava, Luis Miguel Castillo eta Iyan Gonzalez Galvez.