Itxi

Baskonia

19. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskoniak play-offetako postuari eutsi dio (80-75)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Perasovicen mutilek Olimpia Milani irabazi diote, eta, gainera, euren arteko 'basket average'a bereganatzea lortu dute. Zazpigarrenak dira orain sailkapenean.

  • Mike James eta Shavon Shields

    Mike James eta Shavon Shields, baloi baten bila. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak irabazi egin dio Olimpia Milani ostiral honetan, Buesa Arenan jokatu duten Euroligako 19. jardunaldian (80-75). Gasteiztarrek, izugarrizko defentsa lanean oinarrituta, ito egin dute talde italiarra bigarren zatian (26 puntu besterik ez dituzte lortu bisitariek tarte horretan).

Gaurko garaipenarekin arabarrek sendotu egin dute play-offetako postua, orain zazpigarrenak baitira; horrez gain, talde italiarrarekin duten basket averagea euren alde jarri dute Perasovicen jokalariek, Italian hiru puntugatik galdu baitzuten (93-90).

Baskoniak Mike Jamesen jarioa etetea lortu du bigarren zatian, eta hori izan da lehiako gakoetako bat, nahiz eta 27 puntu sartu eta 34ko balorazioarekin amaitu duen azkenerako. Dena dela, joko-antolatzaile estatubatuarrak gainerako taldekideen ekarpen handiagoa bota du faltan.

Baskoniaren aldetik, berriz, Vincent Poirier frantziarrak eta Johannes Voigtmann alemaniarrak osatutako bikoteak nagusitasuna agertu du saski bietan (28 puntu sartu eta 18 errebote jaso dituzte bi jokalarien artean).

Etxekoen bi pibotak primeran konpondu dira Luca Vildoza joko-antolatzaile argentinarrarekin, 12 asistentzia banatzeko gai izan baita hura.

Horrenbestez, jardunaldi honen ostean, Kirolbetek 9 neurketa irabazi ditu eta 10 galdu, eta, esan bezala, zazpigarren tokian dago sailkapenean, zortzigarrena den Bayern Munichekin berdinduta.

Fitxa teknikoa:

Kirolbet Baskonia 80 (16+26+20+18): Huertas (13), Janning (6), Shields (12), Voigtmann (11) eta Poirier (17) –hasierako bostekoa–, Vildoza (6), Diop (6), Garino (-) eta Hilliard (9).

AX Milan 75 (21+28+10+16): James (27), Bertans (3), Micov (7), Brooks (4) eta Omic (4) –hasierako bostekoa–, Gudaitis (9), Kuzminskas (8), Cinciarini (5), Burns (-) eta Jerrells (8).

Epaileak: Robert Lottermoser (Alemania), Emin Mogulkoc (Tukia) eta Medhi Difallah (Frantzia). Ez da kanporaturik egon.