Itxi

Baskonia

ACB KOPA

Laprovittolak ezerezean utzi ditu Kirolbet Baskoniaren itxaropenak (89-98)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Joventuteko joko-antolatzaile argentinarrak 36 puntu sartu eta 50eko balorazioa lortu ditu.

1:41
Kirolbet Baskonia, Errege Kopatik kanporatuta.

Divina Seguros Joventutek ACB Kopako lehen ezustekoa eman du ostiral honetan, Kirolbet Baskonia txapelketatik kanpo utzi baitu, gasteiztarrei 89-98 irabazi eta gero. Nico Laprovittola joko-antolatzaile argentinarra izan da norgehiagokako protagonista nagusiena. Baskoniako jokalari ohiak kopako txapelketan inoiz jokalari batek eman duen erakustaldirik handiena eman du, 36 puntu sartu eta 50eko balorazioa lortuta.

Orain arteko markarik onena (47ko balorazioa) Tanoka Beard estatubatuarrak lortu zuen duela 19 urte, 2000ko Kopan, Pamesa Valentzian ari zela. Alabaina, gaurkoan, Laprovittolak gainditu egin du marka hura: 12 jaurtiketa sartu ditu 17 saiakera egin ostean (bikoak: 11tik 8; hirukoak: 6tik 4; jaurtiketa libreak: 8tik 8). Horrez gain, 7 asistentzia eman, 4 baloi berreskuratu, 4 errebote hartu, 9 falta jaso eta 2 baloi lapurtu ditu.

Talde katalana su batean kantxaratu da Laprovittolaren aginte-makilari jarraiki, eta Baskonia ezinean ibili da Joventuten jokalari guztien erauntsiari aurre egiteko; izan ere, Luke Harangody edota Marco Todorovic ere oso eraginkor aritu dira.

Oldarkortasun horrek eta kanpoko marratik lortutako jarioak 16 puntuko abantaila ekarri dio Joventuti. Baskoniaren defentsa oso ahula izan da tarte horretan, eta, kontrara, Penyakoek % 80ko eraginkortasuna izan dute. Hartara, lehen laurdena 16-29ko emaitzarekin amaitu da.

Bigarren laurdenean, ordea, gauzak asko aldatu dira. Katalanen erasoko jokoak geldialdi bat jasan du, eta, Baskoniak, bere aldetik, tenkatu egin du atzeko lana eta puntuak lortzeari ekin dio (lehen laurdenean ez bezala) Matt Janning estatubatuarrari eta Vincent Poirier frantziarrari esker.

Horiek izan dira Velimir Perasovicek zuzentzen duen taldearen minuturik onenak. 18 eta 4ko partziala lortu du, Laprovittola atseden hartzen ari zela baliatuta, eta kanporaketaren barruan sartu da buru-belarri. Johannes Voigtmann pibotaren saskiratze batek aurretik jarri ditu gasteiztarrak, lehen zatian estreinako aldiz (34-33, 3:25 minuturen faltan). Haatik, argentinarra kantxara bueltatzearekin bat, Joventut agintzen hasi da berriro, eta aurretik heldu da atsedenaldira (42-45, 20. min).

Aldageletatik pasatu eta gero, neurketa parekatu egin da. Dena den, Laprovittola azaldu da beste behin ere, eta nahieran ibili da toki guztietatik saskiratzeak erdietsita (28 punturekin amaitu du hirugarren zatia). Horrenbestez, Penyak markagailuan berriro ihes egiteko ahalmena izan du (49-57, 25. min).

Perasovicek neurketa geldiarazi, eta arabarrek kontrako aldea murriztea lortu duten arren, Joventutek bost puntu gora amaitu du hirugarren laurdena (68-73, 30. min).

Morganek eta Laprovittolak Badalonako taldearen ametsari bizirik eutsi diote Baskoniaren azken ahaleginen aurrean. Aitzitik, partidaren azken txanpan, markagailuak emaitza estua azaldu du (80-83), baina Harangodyren hiruko bat tarteko, Joventutek kanporaketa bere aldera bideratu du behin betirako (80-89, 38. min).

Azkenerako, Joventutek irabazi du partida, eta Laprovittolak izugarrizko txalo-zaparrada jaso du Carles Duran entrenatzaileak azken atsedenaldia eman dionean.

Horrenbestez, Joventutek Real Madrili egin beharko dio aurre larunbatean jokatuko den finalerdian. Izan ere, Pablo Lasoren taldeak aise irabazi dio Estudiantesi, eguneko beste kanporaketan (94-63).

Fitxa teknikoa:

89 - Kirolbet Baskonia (16+26+26+21): Vildoza (16), Janning (18), Shields (4), Poirier (15) eta Voigtmann (6) –hasierako bostekoa– Huertas (8), Diop (-), Jones (10), Hilliard (10) eta Gonzalez (2).

98 - Divina Seguros Joventut (29+16+28+25): Laprovittola (36), Lopez-Arostegui (7), Ventura (-), Harangody (15) eta Todorovic (15) –hasierako bostekoa– Dimitrijevic (6), Morgan (10), Delia (4), Nogues (1), Mathias (4) eta Parra (-).

Epaileak: Benjamin Jiménez, Carlos Peruga eta Martin Caballero. Todorovic eta Hilliard kanporatu dituzte bost falta egiteagatik.